Zimiterioko teilatua berritzeko hitzarmena sinatu du udalak elizarekin

Ataria 2024ko urriaren 9a

Zizurkilgo Udalak lanen %50a finantzatuko du, guztira 21.208 euroko inbertsioa eginez.

Zizurkilgo Udalak hitzarmena sinatu du elizarekin San Millan elizari itsatsita dagoen Zimiterioko teilatua berritzeko. Denboraren poderioz, teilek higadura handia jasan dute, eta horrek itoginak eragin ditu espazioan. Zimiterioa elizaren jabetzakoa izan arren, erabilera handia duen gunea da, herriko ekitaldi eta jarduera ugari hartzen dituen lekua. Hori dela eta, udalak lanen %50a finantzatuko du, guztira 21.208 euroko inbertsioa eginez.

«Zizurkilgo herritarrek urtean zehar asko erabiltzen duten gunea da, herriko jarduera askoren bihotza. Funtsezkoa da espazio hau baldintza onetan mantentzea, guztiontzat erabilgarri eta atsegin izaten jarrai dezan», azaldu du Maite Amenabar alkateak.

Bestalde, irisgarritasuna hobetzeko asmoz, udalak arrapala edo aldapatxo bat eraikiko du eliz atarian. «Irisgarritasuna funtsezkoa da herriko azpiegitura guztietan, eta arrapala honek elizara sartzeko aukera erraztuko die mugikortasun arazoak dituzten herritarrei», adierazi du alkateak. Arrapalaren kostua 1.790 eurokoa izango da.

Obrak urtea amaitu baino lehen bukatzea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!