Herriko ekoizle eta artisauak izango dira azokaren ardatz

Ataria 2024ko urr. 8a, 16:00

Urriaren 13an, 10:30etik aurrera egingo dute XXVI. Zizurkilgo Azoka Berezia. 47 postu jarriko dituzte eta horietatik 8 zizurkildarrak izango dira.

Igandean, urriaren 13an egingo dute Zizurkilgo Azoka Bereziaren 26. edizioa. Aurtengo azokak 47 postu izango ditu: plazan eta Hernandorena pasealekuan jarriko dituzte elikagai postuak, 21 guztira; eta herriko frontoian egongo dira artisauak, 26 denera. Maite Amenabar alkatearen esanetan igandean egingo duten azoka festa bat baino gehiago da: «Bertako baserritarren eta artisauen lanari balioa emateko aukera paregabea da, herritarrekin zuzenean konektatzeko espazio bat». 10:30etik 14:30era egongo dira zabalik elikagai zein artisau postuak.

Azoka Berezian jarriko dituzten postu guztietatik zortzi izango dira zizurkildarrak: Rbld sagardo upategia, Aranburu oilategia, Garazi loradenda, Mertxe Arbide artilegilea, Dario Arteta artisaua, Nai bitxiak eta Xun belarritakoak. Ainhoa Larrea kultura teknikariak azaldu duenez, herriko ekoizle eta artisauak azokaren ardatz dira. «Herritarren parte hartzea ekitaldi honen bihotza da. Produktu bakoitzaren atzean dagoen dedikazio eta esfortzua handia da, eta lan prozesua bertatik bertara ikustea funtsezkoa da, produktu bakoitzaren atzean dagoen lana ulertzeko», aipatu du teknikariak.

Larrearen ustez, geroz eta zailagoa da artisauek lana zuzenean nola egiten duten ikustea, desagertzear daudelako ofizio horietako asko. Zizurkilen, ordea, ahalegina egiten dute urtero lanbide horiek erakusteko eta aurten harginen lanean jarriko dute arreta. 11:00etan Trapagarandik etorritako harri zulatzaileen erakustaldia izango da frontoi txikian, Iriarte parean, eta bertaratzen direnek, ofizio hau praktikatzeko aukera izango dute.

12:00etatik aurrera haurrei zuzendutako tailerrak izango dira plazan: feltro tailerra eta hennazko tatuajeak egitekoa. «Aurten Fadwa Hajjioui eta Habiba Bakkour jatorri marokoarra duten zizurkildarrek postua jarriko dute, eta hennazko tatuajeak egiteaz gain, marokoar jakiak eta gozoak eskainiko dituzte», argitu du Larreak.

Ez dira jaki bakarrak izango. Urtero bezala, Azoka Bereziak elkartasun kutsua izango du eta El Salvadorren aldeko talo postua jarriko dute zenbait herritarrek. «Hango gazteak mara delakoetatik ateratzeko programa bat laguntzeko dirua bilduko dute. Otaño eta Mendigai eskolek ere jarriko dute euren postua, El Salvadorreko Henry Ortiz eta El Barrialeko ikastetxeentzat dirua biltzeko», argitu du Larreak.

Haurrek, era berean, pottoketan ibiltzeko aukera izango dute igandean. Sei behor eta moxal eramango dituzte Herrigunera, umeek arraza hau ezagutu, eta bide batez, haien gainean osteratxoa egin dezaten. Nerea Lertxundi Gipuzkoako Pottokazaleen elkarteko kide zizurkildarra izan da Azoka Berezia aurkezteko ekitaldian. Arraza berreskuratzeko lanean aritzen da elkartea eta haien babesarekin antolatu du udalak igandeko ekimena.

Azokari festa giroa emateko, dantza gidatu saioa egingo dute 12:30ean, eta gidari bezala, herriko dantzariak arituko dira plazan.

Jai giroa eguerditik aurrera

14:30 arte egongo dira zabalik postuak eta segidan egingo dute herri bazkaria. Aurten Plazaetxeberri jatetxeko jangelan egingo dute eta hiru menu egongo dira aukeran: parrilla menua, menu begano eta haurrentzako menua. Txartelak salgai izango dira egunotan Iriarten: helduen menuak 25 euroko prezioa du, haurrenak, berriz, 12 eurokoa.

Arratsaldean, berriz, aizkora erakustaldia egingo dute Intxaur frontoian. Emakumezkoetan, Nerea Sorondo eta Oihana Fernandez de Barren arituko dira lehian; gizonezkoetan, Iker Vicente, Hodei Ezpeleta eta Eneko Otaño. Euskadiko txapelketan aritzen diren bost aizkolari dira. Banakako lana egingo dute, «apartekoa eta interesgarria», Euskadiko Herri Kirol Federakuntzaren laguntzaz.

Udalak Zizurkilgo Herrigunera igotzeko autobus zerbitzua jarriko du 10:15etik 15:00era. Bi geltoki egongo dira: Bulandegi bideko biribilgunean eta Zubiaurretxon. «Herritar eta bisitari guztiak doako zerbitzu hau erabiltzera animatu nahi ditut. Izan ere, Herrigunera iristeko modu erosoagoa da eta, aldi berean, egunean zehar trafikoa eta ingurumenarekiko inpaktua murrizten lagunduko dugu», esan du alkateak.

Antolatzaile guztiei eskerrak eman eta Zizurkila gerturatzeko deia luzatu die Amenabarrek herritarrei eta bisitari guztiei: «Zuen parte hartzea ezinbestekoa da gure azoka arrakastatsua izan dadin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!