Herrian agertutako pintaketa arrazistak gaitzetsi ditu udalbatzak

Ataria 2024ko irailaren 30a

Udalbatzaren esanetan pintaketek arrazismoa eta itxikeria erakutsi eta gizakiok mugitzeko dugun eskubidearen kontra egiten dute.

Zizurkilgo Udalak adierazpen instituzionala egin du hainbat herritan, tartean Zizurkilen, azaldu diren pintaketa arrazistak gaitzesteko. Udalbatzak aho batez hartu du erabakia.

Etorkinak ez eta Etorkinak kanpora esaten duten pintaketak agertu dira azken asteetan eta Zizurkilgo Udalaren esanetan hori idazten duenak, arrazismoa eta itxikeria erakusteaz gain, oinarrizko eskubide bat ahazten du: «Bizitza hobe baten bila gizakiok mugitzeko dugun eskubidea. Ehunka mila euskaldunek duela hamarkada gutxira arte egin zuten hori bera».

Zizurkilgo Udalak hitz eman du lanean jarraituko duela atzerritik datozenei harrera egin eta haiek herriko partaide sentiarazteko. «Zizurkil geroz eta anitzagoa da», aipatu dute adierazpen instituzionalean. Aldi berean, udalbatzak herritarrei eskatu die mota honetako mezu xenofoboak baztertu eta elkarbizitzaren alde egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!