Azaroaren 15era arte aurkeztu daitezke lanak Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketan

Ataria 2024ko irailaren 30a

2022ko sari banatze ekitaldia

Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo herritarrek parte hartu ahal izango dute bost mailatan banatuta.

Martxan jarri dute XXIII. Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketa. Azaroaren 15a baino lehen lan bakoitzaren bi kopia entregatu beharko dira Zizurkilgo udaletxean edo udal bulegoetan.

Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo herritarrek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, bost mailatan banatuta eta gutxieneko luzera duten lanak aurkeztuta: A maila 2016-2018 urte artean jaiotakoak (orrialde 1); B maila 2013-2015 urte artean jaiotakoak (2 orrialde); C maila 2011-2012 urte artean jaiotakoak (gutxienez 2 eta gehienez 4 orrialde); D maila 2008-2010 urte artean jaiotakoak (gutxienez 3 eta gehienez 8 orrialde); E maila 2007 urtetik atzera jaiotakoak (gutxienez 5 eta gehienez 12 orrialde). Gaia librea izango da eta epaimahai aditu batek erabakiko du lan sarituak zein diren.

Abenduaren 20an egingo da sari banaketa ekitaldia. A eta B mailakoen artean opariak banatuko dituzte. C mailan, lehen saria lortzen duenak 90 euro eramango ditu, D mailan 150 euro eta E mailan 450 euro. Kategoria horietan ere bigarren sarituek opariak jasoko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!