Tolosaldea Garatzenekin lankidetzan, autobusaren ibilbidea aldatzeko eskaera egin du Zizurkilgo Udalak, herrigunearen eta tren geltokiaren arteko lotura hobetzeko. «Zubiaurretxoko bidegurutzetik Adunarantz joan beharrean, autobusa Elbarrenarantz joatea proposatu dugu. Bi noranzkoetan eskatu dugu aldaketa, alegia Zubimusu zubitik eta Olaederrako zubitik pasa dadin. Aldaketa hori funtsezkoa da bizitegi eremua eta eta tren geltokia ondo lotuta daudela bermatzeko. Ari dira, jada, autobus zerbitzuaren ibilbideak aldatzen», esan du Maite Amenabar alkateak.
Mugikortasunaren Europako Astearen barruan egin ditu adierazpenak alkateak eta herritar guztiak animatu ditu garraio jasangarriagoak erabiltzera. «Herritar guztientzat mugikortasun irisgarri eta duinaren aldeko konpromisoa berresten dugu eta garraio publikoaren zerbitzuak indartzeko lanean jarraitzen dugu», esan du Amenabarrek.
Tren geltokiarekin kexa
Zizurkilgo Udalak kezka adierazi du trenbidearen beste aldeko pasabidea oztopatzen duen hesi bat jarri berri dutelako. «Neurri hori ulertezina da, izan ere geltokiak igogailurik ez dago, eta horrek mugikortasun arazoak dituzten pertsonek zein haur kotxeekin doazen herritarrek garraiobide publiko hori erabiltzeko duten eskubidea urratzen du». Villabonako Udalarekin batera kexa bat aurkeztu dio Zizurkilgoak Adif-i. «Lanean jarraituko dugu egoera hori konpontzeko eta geltokiaren baldintzak hobetzeko», gaineratu du Amenabarrek.