Aztarnak nola identifikatu

Aitor Arroyo Askarai 2024ko ira. 18a, 11:59

'Naturaren arrastoak: Euskal Herriko animaliak ezagutuz' ikastaroa eskainiko dute urriaren 23an eta 24an Fraisoro eskolan; bi saio egingo dituzte: teorikoa eta praktikoa.

Fraisoro eskolan ‘Naturaren arrastoak: Euskal Herriko animaliak ezagutuz’ ikastaroa eskainiko dute urriaren 23an eta 24an. Bi saiotan banatuko dute ikastaroa eta, guztira, bost ordu inguru iraungo ditu. Lehen saioa teorikoa izango da eta Fraisoro eskolan egingo dute; bigarrena, berriz, praktikoa izango da, eta baso edo mendi batean egingo dute. Nerea Ixmukane Ovando Delgado ingurumen hezitzaileak gidatuko du ikastaroa eta 20 euroko prezioa izango du.

Ovandoren arabera, lehen saioa eskola barruan egingo badute ere, «oso dinamikoa» izango da: «Hainbat gida liburu eramango ditut eta baita adibide moduan ikusteko zenbait luma, aztarna eta seinale batzuk ere». Lehenengo horretan azalduko du zein animalia topa daitezkeen Euskal Herrian eta nola identifikatu daitezkeen horien aztarnak. Bigarren saioa, berriz, naturan egingo dute, eta horretan zorteak «eragin handia» izango duela aurreratu du: «Ibilalditxo bat egin eta bizpahiru ordu horietan topatzen duguna aztertuko dugu. Hori zailagoa izaten da aurreikusteko». Dena dela, bigarren saiora igeltsua eramateko asmoa azaldu du, horrela, aztarnen moldeak egin eta jendeak «oroigarri bat» eramateko aukera izan dezan.

Mailari dagokionean, arduradunak azaldu du «oso oinarrizkoa» izango dela, eta izena emateko ez dela beharrezkoa «bestelako jakintzarik» izatea.

Eskaintza zabala
Ikastaroa ez dute publiko zehatz bati begira antolatu, eta «nahiko hasiberrientzat» izango dela argitu du Ovandok. Eta, hari berari tiraka, material teknikorik ez dela beharko ere azaldu du.

Saio teorikorako koaderno bat eramateko gomendio luzatu die izena ematen dutenei, eta praktikorako, berriz, zabalik utzi du aukera: «Ez dago beharrezko materialik, baina norbaitek prismatiko edo argazki kameraren bat eraman nahiko balu, egin dezala; lagungarriak izango dira».

Gutxienez hamar lagunek eman beharko dute izena ikastaroa aurrera atera ahal izateko; eta gehienez, berriz, hamabost lagun izango dira taldean.

Habiara itzuli da
Fraisoro eskolako ikasle ohia da Ovando, bertan ikasi baitzuen basoaren eta natura ingurunearen kudeaketaren goi maila. Kurtsoa ikasten ari zela aukera izan zuen aztarnei buruzko ikastaro pare batean parte hartzeko, eta horrela piztu zitzaion interesa.

«Irteera haiek gidatzen zituzten adituak ikusita liluratuta geratu nintzen. Aztarnak begiratze hutsarekin gai ziren esateko, gutxi gorabehera, zer gertatu zen edo hor zer ibili zen. Sekulakoa zen  zenbat ikusteko gai ziren, animaliak ikusi ere egin gabe», horrela hitz egin du ingurumen hezitzaileak ikastaro haiei buruz eta aitortu du, gehienbat, txoriak gustatzen zaizkiola berari.

Aurretik ere antolatu ditu aztarnak identifikatzeko ikastaroak Fraisoro eskolak, eta adituaren arabera izaten da ikastaroaren hizkuntza. Kasu honetan euskaraz emateko jo dute Ovandorengana eta pozik hitz egin du: «Beste urte batzuetan gazteleraz egin izan dute; arlo honetan euskarazko eskaintza emateko aukera izatea ederra da. »

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!