Zizurkilgo jaiak 2024

Zabaleta, Astiz eta Rekalde, Intxaur Txapelketako garaileak

Ataria 2024ko abu. 17a, 14:13

Pilotariak euren sariekin, atzoko finalen ostean. 'Pilotarentxokoaweb.com'

Lau eta erdiko IV. Intxaur Txapelketako finalak jokatu dituzte, jaien barruan.

Goiuri Zabaleta (Aurrera Leitza) eta Itxaso Erasunen (Behar Zana) arteko partidarekin hasi zen jaialdia. Bada, nafarra izan zen irabazlea 22-14ko emaitzarekin. Azken txapela horrekin, bi batu ditu txapelketa horretan. Zabaleta aurreratu zen markagailuan partidaren hasieratik. Erasun gertu izan zuen, baina, Behar Zanakoari kosta egin zitzaion partidan sartzea. Partida erditik aurrera, aldea areagotu zuen leitzarrak, eta zailtasunik gabe iritsi zen 22ra, emakumezkoen txapela lortuz.

22urtez azpikoen finala Xabier Rekalde ((Txumuluxueta) eta Xabier Apaolazaren artekoa izan zen. 22-14 amaitu zen partida, bizkaitarraren alde. Rekaldek indartsu ekin zion finalari, erritmo bizia ezarriz, eta 7-1 aurreratu zen. Hernaniarrak pilota aldaketarekin markagailua berdintzea lortu zuen gero. Une horretan partida orekatu egin zen, bi pilotariek tanto ederrak egin zituztelarik. 14-12koarekin, ordea, Rekaldek aurrera egin zuen, eta Apaolaza saiatu zen arren, ezin izan zion eutsi Dimakoaren mailari.

Nagusien mailako finala Unai Astiz (Larraun) eta Fermin Arribillagaren (Lagunak Barañain) artean jokatu zen. Astizek jantzi zuen txapela, 22-20ko emaitzarekin irabazi ostean. Partida orekatua hasi zen, tantoak bi aldeetatik etorri zirelarik. Arribillagari erosoago nabari zitzaion, eta abantaila hartu zuen markagailuan. Astiz, ordea, ez zen partidatik atera, eta 13-8koan erasoari ekin zion. Hala, berdintzea lortu zuen, joko ona erakutsiz. Parekatuta iritsi ziren partidaren azkenera, eta azken tantoak emozio handikoak izan ziren. Azkenean, 20-21 zirelarik, Aribillagak huts egin zuen, eta Astizek lortu zuen garaipena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!