Zizurkilgo jaiak 2024

Festa lehertu da Herrigunean

Leyre Carrasco 2024ko abuztuaren 14a

Amabirjin jaiei hasiera ofiziala eman diote Zizurkilgo Herrigunean; suziria lehertu aurretik Distopia elektrotxarangak girotu du arratsaldea, eta Herribiziguneko kideek izan dute aurtengo txupinazoa botatzeko ardura.

Goizean oilasko biltzearekin sartu dira jai giroan zizurkildarrak, baina arratsaldean eman diote Amabirjin jaiei hasiera ofiziala. Lehenik, udal ordezkariek hartu dute hitza. Aurtengo festetan herritarren inplikazioa eskatu dute, «bai festa batzordean parte hartuz edo txoznan txandak eginez». Horrez gain, jarrera matxistarik ez dela onartuko aldarrikatu dute, «guztiek aske eta ondo igaro nahi ditugu festak, euskaratik eta euskaraz gozatuz».

Aurten Herribiziguneko kideek jaurti dute festen hasierako txupinazoa. Urte hauetan herrian mugimendua sortu dutelako, eta hainbat ekimenen bitartez herritarren artean parte hartzea eragin dutelako hartu dute suziria lehertzeko ardura.

Behin suziria lehertuta, festa nagusitu da Herrigunean. Umeentzako goxokiak bota dituzte udaletxeko balkoitik, eta Distopia elektrotxarangak azken kantuak eskeini ditu. Horren ostean, herri afaria egin dute, eta iluntzean, berriz, erromeriaz gozatzeko aukera izango dute 3ittu taldearekin.

Larunbata arte izango da zertaz gozatu Zizurkilgo Herrigunean. Ikusi hemen egitarau osoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!