Zizurkilgo jaiak 2024

Oilaskoak bilduta, festetarako prest

Leyre Carrasco 2024ko abu. 14a, 16:19

Ohi bezala, goizean goiz abiatu dira zizurkildarrak oilaskoak biltzera. Eguerdian dantzaldia egin dute plazan eta eraso sexisten aurkako argazkia ere atera dute. 20:00etan jaurtiko dute suziria plazan.

Gaur abiatuko dituzte Amabirjin jaiak Zizurkilgo Herrigunean. Lau eguneko festa prestatu du jai batzordeak eta gaur goizean ekin diote egitarauari. Herriko gazteak 06:30etan abiatu dira baserriz baserri oilasko bilketa egiteko. Eguraldi txarra iragarrita zegoen arren, jai giroan egin dute ibilbidea, trikiti eta pandero doinuek lagunduta.

Pedro Mari Otaño plaza izan dute azken geldialdia. Bertan, eraso sexisten aurkako herri argazkia atera eta dantzaldia egin dute. Herritar ugari bildu dira bertan oilasko biltzaileek eskainitako emanaldiaz gozatzeko. Goizean zehar, haur eta gaztetxoentzako eskulan tailerrak ere izan dira Intxaur pilotalekuan. 

Arratsaldean jarraituko du jai giroak Herrigunean. 18:00etatik aurrera, Distopia elektrotxaranga izango dute herrian zehar suziria lehertu aurreko orduak girotzen. Horren ostean ofizialki abiatuko dituzte Amabirjin jaiak, 20:00etan.

Ikusi hemen egitarau osoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!