Zizurkilgo jaiak 2024

Maratoi erdira iritsi gara

Endika Apalategi Labayen 2024ko abu. 11a, 07:59

Abuztuaren 14tik 17ra, lau egunez murgilduko dira amabirjin jaietan zizurkildarrak. Urteroko hitzorduen artean, jaiei hasiera emango dien oilasko biltzea eta Plazaberrin egingo den idi probak aurkitzen dira.

Zizurkildarrek, urteroko legez, oilasko biltzearekin batera emango diete hasiera aurtengo amabirjin jaiei. 06:30ean plazan elkartu eta baserritarrez jantzita, herriko baserrietan barrena ibiliko dira oilasko bila; ondoren, oilasko biltzaileek, dantzaldia eskainiko dute herritarren aurrean. Txupinazoa jaurti aurreko orduetan, Distopia elektrotxaranga arduratuko da giroa alaitzeaz, eta 20:00etan, Herribizigune elkarteak jaurtitako suziriarekin emango die hasiera ofiziala aurtengo jaiei.

Andra Mari eguna, egun handia, denentzat eta denetarik osatutako ekitaldiekin dator. Erretirodunek, Iriarten prestatutako hamaiketakoa dastatuko dute; haurrak, pottoken ibilbidea egiten ibiliko dira; eta beste herritarrek berriz, herri kirolak eta idi probak ikusteko aukera izango dute egunean zehar. Andra Mari eguna agurtzen joateko, lehenik, sagardo dastaketa egingo da herriko plazan Jone Uria eta Julene Otegi trikitilarien laguntzarekin. Azkenik, Amaia Agirre gai jartzaile delarik, bertsolarien saio nagusia egingo da, 23:00etan.

Hurrengo eguna, gehienbat haurrei begirakoa izango da. Haurrei gose pixka bat sorrarazteko asmotan, krosa, buruhandiak eta jolasak egingo dira goizean. 14:00etan haurren bazkaria egingo da, eta bapo jan eta gero, puzgarrietan nahi adina denbora ibiltzeko aukera izango dute umeek. 

Jaietako laugarren eta azken egunari ekiteko, Ziotza pilota eskolako haurren finalak jokatuko dira frontoian. 14:30ean herri bazkariaren txanda izango da, eta tiketak ohiko lekuetan egongo dira salgai herritarrentzat. 19:00etatik aurrera, Txaranga Txorongo ariko da musika joz herrian barrena.

Azpimarratzeko kontzertu gaua

Igotz Alkorta festa batzordeko kideak esan duenez, aurten «ahalegin ekonomiko handia» egin dute jaietan egingo diren kontzertuak ekarri ahal izateko. «Zizurkilgo jaietara sona handiko taldeak ekartzea lortu dugu aurtengoan. Inguruko herrietatik jendea etorriko delakoan gaude, eta horregatik, Aiztondoko herrietarako garraio publikoa jartzeko erabakia hartu dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!