Goi mailako pilotaz gozatzeko aukera Zizurkilen

Ataria 2024ko uzt. 18a, 19:58

Iazko txapelketaren finaletako une bat.

Bihar hasiko da lau eta erdiko IV. Intxaur pilota txapelketa, final-laurdenetako partidekin. Abuztuaren 3an eta 10ean jokatuko dira finalaurrekoak eta abuztuaren 16an finala. Txapelketako partida guztiak ikusteko aukera izango da eta sarrera doakoa izango da.

Hemen da urteroko udako kirol hitzordua. Bihar, uztailaren 19an, abiatuko da lau eta erdiko IV. Intxaur Txapelketa Zizurkilen. Zizurkilgo Udalaren eta Pilotaren Txokoaren lankidetzari esker antolatzen den ekitaldiak Euskal Herriko eta Errioxako goi mailako pilotariak bilduko ditu, eta punta-puntako jokoaz gozatzeko aukera izango da promesa zein elite mailatan. Promesa mailan, Lizeaga (Astigarraga), Perurena (Zizurkil), Apaolaza (Hernani), Irribarria (Arama), Ituarte (Atxondo), Rekalde (Dima), Etxeberria (Oiartzun) eta Aranbarri (Azkoitia) ariko dira. Elite mailan, Anso (Iruñea), Etxaniz (Bergara), Alberdi (Zizurkil), Aizpuru (Asteasu), Hormaetxe (Lezama), Fernandez (Fuenmayor), Astiz (Ultzama) eta Barbarejo (Iruñea).
 
«Txapelketaren laugarren edizioa da jada eta oso pozik gaude Zizurkilen horrelako pilotariez gozatzeko aukera izateagatik. Aurtengoan ere bi herritar izango ditugu kantxan, Ander Perurena promesa mailan eta Julen Alberdi elite mailan. Guretzat berezia da herriko bi mutil bertan ikustea, eta iaz, gainera, biak finalean izan ziren», azpimarratu du Maite Amenabar alkateak.

Final-laurdenekin ekingo diote lehiari uztailaren 19an eta bi asteburutan jokatuko dira partidak. Aurrera egiten duten pilotariek abuztuaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte finalerdiak, eta abuztuaren 16an jokatuko dira bi mailatako final handiak.

Txapelketako partida guztiak ikusteko aukera izango da eta sarrera doakoa izango da. «Herritar guztiak kirol ikuskizun eder honetaz gozatzera animatu nahi ditut», adierazi du Amenabarrek.

Hona hemen final-laurdenetako partiden egutegia:

Promesa maila

  • Uztailak 19, ostirala, 19:00.
    • Lizeaga - Perurena
  • Uztailak 20, larunbata, 19:00.
    • Apaolaza - Irribarria
  • Uztailak 26, ostirala, 19:00.
    • Ituarte - Rekalde
  • Uztailak 27, larunbata, 19:00.
    • Etxeberria - Aranbarri

Elite maila

  • Uztailak 19, ostirala. 19:00.
    • Anso - Etxaniz
  • Uztailak 20, larunbata, 19:00.
    • Alberdi - Aizpuru
  • Uztailak 26, ostirala, 19:00.
    • Hormaetxe - Fernandez
  • Uztailak 27, larunbata, 19:00.
    • Astiz - Barbarejo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!