Garikoitz Iruretagoiena, munduko hirugarrena apnean

Imanol Garcia Landa 2024ko uztailaren 17a

Modalitate estatikoan lortu du brontzezko domina, 8 minutu eta 22 segundoko denbora eginez. Bestalde, Espainiako Txapelketa laugarren aldiz jarraian irabazi du.

Garikoitz Iruretagoiena zizurkildarrak brontzezko domina lortu du Munduko Apnea Indoor Txapelketan. Hirugarren aldiz parte hartu du, eta oraingoan domina lortu du. Modalitate estatikoan eskuratu du hirugarren postua, ur azpian 8 minutu eta 22 segundoz arnasa hartu gabe egon ondoren. «Aurreko urtean zortzigarren egin nuen, eta hobetu nahi nuen. Azkenean hirugarren postua lortu dut», esan du Iruretagoienak. «Pertsonalki niretzako sekulako lorpena da. Espero ez nuen postu bat izan da, eta poz handia eman dit. Hainbeste ordu entrenatu ondoren, sari izugarria da».

Munduko Txapelketan ere parte hartu zuen hegats gabeko dinamikan, 155,5 metro eginez eta 21. postua eskuratuz. Dinamika librean 200 metro egin zituen, bi hegats erabiliz, eta 33. postua lortuz. Bietan Euskadiko markak lortu zituen, estatikoan egin zuen moduan.

Aurretik, Espainiako Txapelketan laugarren aldiz jarraian irabazi zuen modalitate estatikoan. Hegats gabeko dinamikan ere Espainiako Txapelketa irabazi zuen. Euskal selekzioak bigarren egin zuen taldeka, eta hori nabarmendu du Iruretagoienak: «Orain dela lau urte arte euskal selekzioak ez zuen parte hartzen, eta aurreko urtean ere podiumean sartu ginen. Garrantzia ematen diot ere lau urtez jarraian estatikoan irabazteari».

Euskadiko Txapelketari dagokionez, hiru probetan irabazi zuen: estatikoan, dinamikoa hegatsekin eta dinamikoa librean. Horrez gain, sari absolutua ere eraman zuen Iruretagoienak, eta hori laugarren aldiz jarraian lortu zuen.

Orain atseden hartzeko gogoa du. «Ohi baino beranduagoa egin da Munduko Txapelketa, eta nahiko luze egin zait, baita familiari ere. Orain atseden hartuko dut, eta irailean hasiko gara hurrengo urteko denboraldia planifikatzen», esan du Iruretagoienak. «Oso urte berezia izan da. Beste txapelketa batzuetara joan naiz, Kataluniara eta Madrilera, eta hor ere irabazi egin dut. Gainera, lortutako markak ere bereziak izan dira. Estatikoan 9 minutu eta 20 segundo egitera iritsi naiz entrenamenduetan, eta hori maila handiko denbora da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!