Aroa Zizurkil 2024-2027 Euskara Plana aurkeztu du Zizurkilgo Udalak eta Maite Amenabar alkateak azaldu ditu programaren helburuak: «Euskal hiztun aktibo eta ahaldunduak dituzten herriak indartzea, euskararen transmisioa ziurtatzea, hiztun aktiboen kopurua handitzea, euskararen ezagutza unibertsalizatzea eta hizkuntza oraindik menperatzen ez dutenei edo iritsi berriei hurbiltzea».
Plangintza «lankidetza estuan» garatu du udalak herriko kultur, kirol, merkataritza, ostalaritza, hezkuntza eta gazteriako eragileekin; eta «bat dator» Eusko Jaurlaritzan onartu duten Aroa estrategiarekin. Euskara planaz gain, udalaren erabilera plana ere prestatzen ari dira, eta irailean onartzeko asmoa adierazi dute. Udal ordezkarien hitzetan «funtsezkoa» da plan hori euskararen normalizazioan herriak zein udalak «elkarrekin aurrera» egin dezaten.
Aurrera begirako gakoak
Aipatutako helburuak lortzeko hamabi konpromiso hartuko dituela azaldu dute udaletik, batetik, euskararen «agenda politikoa» gobernantzaren «erdigunean» jartzea, bi planen urteko jarraipena egitea eta Tolosaldeko zein UEMAko Euskararen Mahaiko kide izaten jarraitzea. Bestetik, estrategiak garatzea gizarteko «hizkuntza erronkei» aurre egiteko, euskaldunak sortzea sustatzea osasun, banka eta tokiko merkataritza sektoreetan, eta euskara erabiltzea sustatzea, oro har, «eguneroko bizitzan».
Hari berari tiraka, eragileei dagozkien konpromisoak ere zehaztu dituzte, hain zuzen, ikastetxeetako programak mantentzea eta «indartzea», herriko talde eragileekin euskaraz aritzeko estrategiak «lantzea eta garatzea», tabernariei eta merkatariei euskaraz aritzeko laguntzea eta tokiko euskarazko komunikabideen «irisgarritasuna eta ikusgarritasuna hobetzea».
Aipatutakoez gain, «ahalegin berezia» egingo dute atzerritarrek ere euskaraz ikas dezaten, hain zuzen, errefortzuak eskainiko dizkiete haurrei, eta euskarazko murgiltze programak langile atzerritarrei eta migratzaileei.
Dagoeneko abian
Udaletik, dagoeneko abian dituzte hainbat lan lerro ere, besteak beste, Oporretan Euskaraz udalekuak eta zabaldu dute epea ostalaritzako errotuluak euskaratzeko diru laguntza eskatzeko. Era berean, martxan da abizenak euskalduntzeko kanpaina eta zerbitzuen sektorean euskara sustatzeko Bertatik Bertara kanpaina ere egin dute.
Ildo beretik, datorren astean Euskañolitis bakarrizketa egingo du Oihan Vegak, Atxulondo kultur etxeko terrazan.