Euliak harrapatzeko tranpak jarri dituzte Zizurkilen

Ataria 2024ko uzt. 9a, 11:59

Elbarrenan euli kopurua ugaritu denez, hauei aurre egiteko neurriak hartu eta panelak jarri dituzte hainbat puntutan; zortzi hilabeteko eraginkortasuna dute.

Zizurkilgo Udalak, herriko zenbait gunetan euliak ugaritu direla ikusita, hauek harrapatzeko tranpak jarri ditu. Udal ordezkariek jakinarazi dute, tranpak ez direla toxikoak eta euliak modu eraginkorrean hiltzen dituztela. Kolore biziko paneletan gai pozoitsu bat jarri dute eta euliak bertara gerturatu eta produktua ukitzerakoan hil egiten dira, ez dira tranpan harrapatuta geratzen.

Metodo berritzaile honekin herritarren bizi kalitatea hobetu nahi dutela nabarmendu du Maite Amenabar alkateak. Bereziki, Joxe Arregi plazatik Asteasurako bidean, Azken Portu, Beldarrain eta Akezko auzoetan nabari dute gehien eulien presentzia eta alkateak esan du herritarren hainbat kexa jaso dituztela. Egoerari konponbidea jartze aldera, oraingoz, hiru panel jarri dituzte, eta tranpak jartzea bideragarria ez den lekuetan, neurri alternatibo gisa, lainoztatzeak egin dituzte.

Tranpa bakoitzak zortzi hilabeteko eraginkortasuna duela jakinarazi dute, baina udalak bi hilabetera berriro aplikatuko du produktua tranpen eraginkortasuna mantentzeko. Ingurumen saileko kideek ohartarazi dute, pertsona eta gainerako animaliei ez diela kalterik eragiten produktuak. Dena den, haurrek eta etxeko animaliek tranpak ukitzeko arriskua murrizteko, 1,80 metroko altueran jarri dituzte.

Zizurkilgo udal ordezkariek badakite beste hainbat herritan ere eulien ugaritzearekin arazoak dituztela eta Amenabarrek esan du zehatz ez dakitela zerk eragiten duen «izurrite» hau. «Gertuan Fraisoro nekazaritza eskolako ganadutegia dago, baina lehen ere bazegoen eta ez zebiltzan hainbeste euli. Aurreko udan izugarria izan zen eta aurten ere bide beretik doa», esan du alkateak.

Eulien ugaritze hau nondik datorren aztertzeko, Aranzadi zientzia elkarteari kontsulta egin dio udalak. Behin emaitzak ikusita errazago identifikatuko dituzte arrazoiak. «Hezetasun handiko eremua da Asteasu erreka inguru hori eta giro aproposa da euliak ugaltzeko. Gainera, azken aldian bizi dugun aldaketa klimatikoarekin neguak ez dira hain hotzak eta euliak ez dira akabatzen. Zenbait herritarrek esan digute enara ez dela lehen bezainbeste etortzen eta kontuan hartu behar da hegazti horrek euliak jaten dituela. Arrazoi bategatik edo besteagatik ugaritu egiten dira euliak uda gerturatu ahala eta oso astunak izaten dira gainera. Etxeko leihoak ixtera behartuta egoten dira bizilagun asko», azaldu du Amenabarrek.

Orain, eulientzako tranpa hauek zenbateko eraginkortasuna duten ikusiko dute Zizurkilen. Alkateak aipatu duenez, herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz jarri dituzte tranpak. «Euli kopuru handia gutxitzea da gure helburua eta zizurkildar guztiontzat inguru atsegina mantentzeko lanean jarraituko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!