ELKARRIZKETA

«Oso babestuta sentitzen gara»

Leyre Carrasco 2024ko uzt. 13a, 07:58

Irati Atxa, Maria Aranberri eta Ines Puyadena EME taldeko kideak. L.C.

Irati Atxa, Maria Aranberri eta Ines Puyadena Emakumeak Automobilismoan taldeko kideak dira. Emakumeei kirol honetara gerturatzeko gonbita luzatu diete.

EME Automobilismo Kirol Kluba osatu dute, eta historian, lehen aldiz, neskek bakarrik antolatu duten auto lasterketa izan berri dute jokoan, iragan ekainaren 29an, larunbatarekin. XVI. San Miguel RallySprinta, hain zuzen ere.

Gizonezkoak gehiengoa bada ere, geroz eta gehiago dira pista konkistatzen duten emakumeak. Horietako batzuk dira Ines Puyadena (Zizurkil, 1985), Irati Atxa (Zegama, 1995) eta Maria Aranberri (Nuarbe, 1996). Lasterketak ikustera joateko afizioa aurretik bazuten ere, «kasualitatez» iritsi zitzaien bertan parte hartzeko aukera. Hiruak, normalean, kopilotu lanetan aritzen dira eta orain, San Migel RallySprinta antolatzeko erronkari eutsi diote.

2022an sortu zenuten Emakumeak Automobilismoan taldea. Gaur egun zenbat emakumek osatzen duzue?

Maria Aranberri: Hiru talde desberdinetan banatuta gaude. Batetik, FL izena duen taldea dago, eta federatuta gauden emakume gehienak bertan sartuta gaude. Bestetik, Emakumeak Automobilismoan taldea dago, eta hogei parte hartzaile inguruk osatzen dugu. Hau uneoro mugimenduan dagoen taldea da, bakoitzak eman dezakeena ematen duelako. Alegia, partaideren bat bere momentu onenean ez baldin badago, joan egiten da, baina berriro sartzeko aukera du. Izan ere, talde hori datu bilketak egiteko oinarritzen da. Azkenik, talde eragilea dago eta hori da talde motorra, Emakumeak Automobilismoan taldeari gauzak antolatzeko eragiten diona. Talde horretan lau partaide gaude.

Baloratuak sentitzen zarete?

Irati Atxa: Emakumeak solte hartuta bai. Hasiera batean nik ere banuen irudipena, baina gero behin barruan zaudela konturatzen zara lana oso kooperatiboa dela. Denok ondo moldatzen gara eta edozertan laguntzen dizute; hau da, emakumeak zein gizonezkoak berdin tratatzen zaituzte. Talde bezala ere oso babestuta sentitzen gara.

Ines Puyadena: Nik inoiz ez dut sentitu desberdindu egin nindutenik. Azkenean, gizonezkoek eta emakumezkoek zeregin berdinak ditugu eta aspektu horretan ez dugu mugarik. Egia da taldea sortzeak, eta geroz eta emakume gehiago egoteak, modu inkontziente batean agian lasaitasun puntu bat ematen dizula, arazo edo konplikazio txiki bat partekatzeko askotan, errazagoa delako gizonezko bat baino emakume bat aldamenean izatea. Baina nik pertsonalki ez dut inongo arazorik eduki, nire esperientzia handiena mutilen artean izan baita, baina horretara ohituta egon arren, emakume gehiago egotea eskertzen da.

Batzuk pilotu eta besteak kopilotu lanetan aritzen zarete. Alde handia dago?

Gabiria-Legazpin EMEren lehen agerraldia. ATARIA

Puyadena: Bolantea eramatea eta aldamenean beste pertsona bat izatea ardura aldetik handiagoa iruditzen zait, baita karrera aurretik suposatzen duen lana oso desberdina delako ere.

Aranberri: Ni aurreko urtean pilotu bezala debutatu nuen, kotxea muntatu berri nuen eta oso desberdina da. Zein aukeratuko nukeen ez nuke jakingo esaten, nik kopilotu lanetan pila bat disfrutatzen dudalako, eta egia esan, pilotuaren lana oso desberdina da. Nire kasuan, ni bakarrik irten nintzen igoera batean, eta ardura guztia nik nuen. Beraz, bakarrik joatea ere bere alde onak dauzka baina baita bere alde txarrak ere.

Zein ardura ditu bakoitzak?

Atxa: Karreran bertan, nik uste, alde handia dagoela bi zereginetan. Esaterako, kopilotu batek ordutegia oso zorrotz eraman behar du, eta kopilotu batek notak azkar irakurtzeko gaitasuna izan behar du, azkenean, hori delako zure lana. Kasualitatez notetan nahastu egiten bada, pilotuak zuzentzeko azkartasuna izan behar du. Beraz, arduren artean ere aldea dago, pilotu edo kopilotuen lanari inongo meriturik kendu gabe, biak baitira garrantzitsuak.

 

Irati Atxa: «Kopilotuek ordutegia zorrotz eta notak azkar irakurtzeko gaitasuna izan behar du»

 

Nondik datorkizue automobilismorako zaletasuna?

Atxa: Nire etxean afizioa daukan bakarra anaia da, eta niri lagunartean sortu zitzaidan; hau da, kasualitatez iritsi zitzaidan. Kuadrillako baten bikotea, rallytan ibilitakoa, Lesakan kopilotu bezala atera nahi nuen galdetu zidan. Dudarik gabe baiezkoa eman nion eta geroztik horretan nabil.

Puyadena: Nire kasuan ere ez dator familiatik, orain nire lehengusua atzetik hasi den arren. Hala ere, auto mundua betidanik gustatu izan zait, eta kuadrillan ere banituen lasterketetara joaten zirenak. Nire bikotea pilotua da, eta behin, lur gainean ibiltzeko proposamena egin zidan. Niri horrelako saltsak gustatzen zaizkidanez, baiezkoa eman nion. Orokorrean, jendea oso gazte hasten da mundu honetan, baina ni ez nintzen horren gaztea, eta inoiz ez denez berandu, Focus bat erosi genuen Focus Kopan parte hartzeko. Honela, nire debuta Teruelen (Aragoi) izan zen.

Aranberri: Nire lehengusuei auto mundua gustatzen zaie, baina nire etxean ez zaie inoiz gustatu izan. Eskolan hiru gelakide neuzkan beti autoen inguruan aritzen zirenak, eta egunero, auto baten marrazkiarekin joaten nintzen etxera. 14 urte nituela, ni neu bakarrik lasterketak  ikustera joaten hasi nintzen. Amak eramaten ninduen, baina beti ezagunen bat topatzen nuen. 18 urte egin berritan nire bikotekidearekin hasi nintzen, eta bera pilotu ibiltzen zen, beraz, berarekin batera lasterketetara joaten hasi nintzen. Bere lagun batek rally baterako kopilotu bat behar zuela esan zuen, eta nirekin jarri zen harremanetan. Badaezpada, aurretik galdetu egin nion ea ziur zegoen rally batean inoiz bertan ibili ez den pertsona batekin sartu nahi zuen, eta bere erantzuna «munduaren amaiera arte» izan zen. Horrela, 2017an rally batean debutatu nuen.

Gogoan duzue debutatu zenuten lehen aldi hura? Zer sentitu zenuten?

Aranberri: Oso urduri nengoela oroitzen naiz. Irteera puntuan beti izaten dugu atzera kontu bat eta zeron jarri zenean pentsatu nuen: «Listo, bagoaz eta iritsiko gara». Urduritasun puntu horrek zero jarri zen arte iraun zidan, hortik aurrera ondo eta asko harrapatu ninduen sentipena izan zen. Ez dut lasterketa guztietan parte hartzen, baina beti besteren bati laguntzera joaten naiz edo ikustera, giro oso ona egoten delako eta lagun asko egiten dituzulako.

Puyadena: Nire lehen aldian ere, Mariak esan bezala, urduritasun hori nabaritu nuen. Gauzak kontrolpean edukitzea gustatzen zait orokorrean, baina kasu honetan dena berria zenez, egoera eskutik joaten ari zitzaidan sentsazioa nuen. Izan ere, nire bikotekideak lehen aldia zuen lurgaineko karrera egiten zuela, eta niretzako dena zen berria. Hala ere, lasterketa guztietan izaten dut sentimendu hori. Markagailua aurrean duzunean, eta denbora jaisten ari dela ikusten duzunean, azken ukitua ematen diozu gerrikoari estutzeko, eta urduritasuna erabat joan egiten da, ondoren, adrenalina hasten da.

 

Ines Puyadena: «Markagailua aurrean duzunean, azken estutua ematen diozu gerrikoari, eta urduritasuna erabat joaten da»

 

Atxa: Nire debuta Lesakan izan zen, eta nire pilotua aurretik ibilita zegoen arren, sei urteko geldialdia izan zuen, beraz, biontzako hasiera bezala izan zen. Aurreko egunean ez nuen lorik egin, eta etxean ere, ez nuen gurasoen babesa izan. Azken finean, ez da etxetik datorren afizio bat, eta oso arriskutsua da, beraz, karga handia izan zen. Hala ere, garbi genuena izan zen disfrutatzera joan behar genuela. Janzten ari nintzela nerbioak ikaragarriak izan ziren, baina behin kaskoa jarrita, isiltasun handia nabaritu nuen. Gauza horiek oso presente ditut, baita egun ere, oraindik horrelakoak gertatzen zaizkidalako. Iristen garen unean osorik iristen bagara, izugarrizko poza da hori.

Aranberri: Nik esan beharra dut, iaz, pilotu moduan atera nintzen lehen aldi horretako aurreko bi egunak oso txarrak pasa nituela. Debutatu behar nuen egunean, gogoan dut, gure taldekidea den Monika Muñoz gerturatu zitzaidala eta honakoa esan zidan: «Zu zurea, ez begiratu jendeari» . Hainbeste itsutu nintzen igoera guztian zehar ez nuela inor ikusi, baina beheraka nindoala jendea txoko guztietatik azaltzen zen. 

Zuek talde bezala, 2023ko martxoaren 5eko Gabiria-Legazpi RallySprintarekin egin zenuten lehen agerraldi publikoa. Zer moduz joan zen?

Aranberri: Jende pila bat ginen, baina aipatu behar da Gabiriako lasterketa antolatzen duen eskuderiako arduradunak ere bertan zirela. Izan ere, lehen Lagun-Artea Eskuderiak antolatzen zuen, baina orain Bosteko Eskuderiak hartu du ardura, eta horko antolakuntzan ere emakumezkoak daude. Alegia, argazki horretan lasterketan parte hartu genuenoz aparte, atzetik lan egiten duen jende asko ere bazegoen.

Zuek ere oraintxe sortu berri duzue EME Kirol Kluba. Zertan datza?

Aranberri: Federazioaren partetik lasterketa bat antolatzeko erronka etorri zitzaigun. Guk baiezkoa eman, eta zerotik hasi ginen lanean. EME izeneko kirol kluba sortu dugu, emakumeek lehen aldiz osatutakoa. Orduan hasi ginen aztertzen ea zein lasterketa antolatu genezakeen. San Migel aukera ona iruditu zitzaigun, inguru hori jendeari asko gustatzen zaiolako, eta lehen egiten zen karrera bat denez, tramu berri bat zerotik hastea baino errazagoa izaten da lehen egin den zerbaitekin hastea. Kastinparro Eskuderiakoek asko lagundu digute, beraiek tramu hori aurretik egin izan dute. Izan ere, uste ez genuen gauza asko egin behar dira.

 

Maria Aranberri: «San Migel aukera ona iruditu zitzaigun, inguru hori jendeari asko gustatzen zaiolako»

 

Gomendiorik duzue rally munduan hasi nahi duen emakumezko batentzat?

Atxa: Gogoa baduzu aurrera. Nik hasiera batean kopilotu ateratzea gomendatuko nioke, hori baita errazena. Pilotu moduan irten nahi izanez gero, kotxea behar duzu, eta mekanikaz asko jakin behar duzu, baina hori dena izanez gero, aurrera! 

Puyadena: Hasieran esan dugun bezala, agian hasierako itxura oso maskulinoa da, baina errealitatea ez da hori. Egun, berdintasuna duen kirola da. Animatu daitezela, izan ere, inoiz ez da berandu izaten. Oso garestia den afizio bat da, goitik behera janztea bakarrik oso garestia da, eta oso gaztetik hastea agian zaila da, baina borrokatzeko esango diegu emakume horiei. Edozein laguntza edo zalantza baldin badaukate gure taldea bertan egongo da laguntzeko prest. Gainera, talde honetaz gain ere, edozein eskuderiatan dudak argitzeko prest izaten dira. 

Aranberri: Ez lotsatzeko aholkatuko nieke emakume horiei. Askotan lotsak frenoa jartzen dio geure buruari. «Nola joango naiz ni horra?», galdetzen diogu maiz geure buruari. Ba erantzuna baiezkoa izan behar da: «Joan egingo zara eta oso ondo egingo duzu, eta seguruenik, berriro atera nahiko duzu». Laguntzeko gaude, mundu honetan dagoen edozeinek inoiz ez dizu ezezko bat emango. Animatu, galdetu eta aurrera!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!