Euskara ikasteko eta errotuluak euskaratzeko laguntzak emango dituzte

Ataria 2024ko uztailaren 3a

Euskara ikasteko diru laguntzak eskatzeko lehen epea uztailaren 31n amaituko da. Urte amaiera bitarte eska daitezke euskarazko errotuluak jartzeko laguntzak.

Zizurkilgo Udalak 2024rako euskara ikasteko eta establezimenduetako errotuluak euskaraz jartzeko diru laguntzen oinarriak onartu ditu. Dirulaguntza horien helburua zizurkildarrei euskara ikastaroetan parte hartzera bultzatzea eta udalerriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan errotuluak euskaraz jartzea bultzatzea da. Horregatik, diru laguntzak emango zaizkie euskara euskaltegi edo barnetegiren batean ikasten duten biztanleei, bai eta euskara hutsean edo euskarari lehentasuna emanda errotuluak jarri nahi dituzten establezimenduen jabeei ere.

Euskara ikasteko dirulaguntza

Zizurkilgo Udalak euskara ikastaroen doakotasuna bermatuko du B2 maila lortu  arte (erabiltzaile aurreratua). Horrela, A1, A2, B1 eta B2 mailetan izena ematen dutenek matrikularen kostuaren %100eko diru laguntza jasoko dute. C1 eta C2 mailetako prestakuntzan jarraitzen dutenentzat (erabiltzaile gaitua), matrikularen kostuaren % 75eko laguntza emango da. Euskara ikasteko diru laguntzak eskatzeko lehen epea uztailaren 31n amaituko da.

Establezimenduetako errotuluak

Zizurkilgo Udalak euskara hutsean jarritako errotuluen kostuaren %50 lagunduko du diruz. Nolanahi ere, diru laguntza ez da 300 eurotik gorakoa izango errotuluko. Euskarari lehentasuna ematen dioten errotuluen kasuan, kostuaren %15eko diru laguntza emango da, gehienez 60 euro errotulu bakoitzeko. Diru laguntza eskaerak 2024ko abenduaren 15era arte aurkeztu daitezke.

 

 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!