Palestinako herriari elkartasuna adierazi dio Zizurkilgo Udalak

Ataria 2024ko uztailaren 3a

Ekainaren 25ean mozioa onartu zuen udalbatzak, Israel eragiten ari den genozidioa salatu eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.

Zizurkilgo Udalak mozioa onartu du, Israel Gazan eragiten ari den genozidioa salatzeko. Aldi berean elkartasuna eta konpromisoa adierazi dizkio herri palestinarrari eta berresten du estatu burujabe eta bideragarria izateko eskubidea duela. Honenbestez, udalak Palestinako bandera jarriko du udaletxeko balkoian Israelen erasoaldiak iraun bitartean.

Onartutako testuan udalbatzak eskatzen dio Israeli korridore humanitarioak irekitzeko eta Gaza eta Zisjordanian sua berehala eta modu iraunkorrean eteteko. NBEren ebazpenak eta Nazioarteko Justizia Gorteak emandakoak betetzea nahi dute Zizurkilgo udal ordezkariek.

Aldi berean Irlanda, Norvegia eta Espainiako estatuek Palestina estatu gisa ofizialki aitortzeko ekimena babesten du Zizurkilgo Udalak, «euskal gizarteak aspalditik eskubide hori aitortzen diola aintzat hartuta». Hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuei, Nafarroako Foru Erkidegoari, Estatuko gobernuari eta nazioarteko gainerako eragileei eskatzen die Palestinarekin dauden lankidetza-proiektuekin jarraitzeko eta indartzeko, eta eremu horretan lan egiten duten erakundeei babesa emateko eskatzen die, hala nola, UNRWAri eta beste erakunde eta ekimen sozial batzuei. Europar Batasunari eta, oro har, nazioarteko erkidegoari ahaleginak areagotzeko, bahitu eta preso guztiak askatzera eta herri palestinarrarentzat bake justu eta iraunkorra lortzera bideratutako kudeaketa diplomatikoak bultzatzeko eskatzen dio. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!