Herribizigunek herri kooperatibaren batzarra egingo du ekainaren 28an, 18:00etatik 20:00etara. Unearen egoera azaldu eta batzarrera gerturatuko diren bazkideei giltza bana eman ondoren, topagunea erabiltzeko irizpideak zehaztuko dituzte. Hemendik aurrera, elikadura gune iraunkorra izango da topagunea. Biharamunean, ekainaren 29an, 7 pintxo, 7 herrialde zizka-mizkak eskainiko dituzte 11:00etatik aurrera Zizurkilgo Herrigunean.
Duela bost urte eman zioten hasiera Herribizigune ekimenari. Elkarte modura sortu arren, herriaren zerbitzurako kooperatiba bat sortzea egoki ikusi zuten. Duela bi urte Elkartetik kooperatibara, txabolatik topagunera dinamika abian jarri zuten eta iaz eman zuten azkeneko saltoa, kooperatiba sortuz. Gaur egun 48 bazkide dira. «Barne funtzionamendua guztiz normaldua dugu, eta gure jarduera soziala zein komertziala erregularizatuta dago», aipatu dute kooperatibatik.
Elikaduraren burujabetzaren ildoan hiru proiektu dituzte martxan: astero inguruko ekoizleei garaiko produktu freskoak erosteko aukera; edozein momentutan edozein bazkidek aukera du bere giltzarekin topagunera joan eta bertan eskaintzen diren produktuak erosteko; eta elkartasunez Euskal Herriko beste proiektuekin bat eginez, Errigora bezalako ekimenetan parte hartzen dute. Horrekin batera, Eskuetatik eskuetara jakintzak transmititzeko ekimena edota egun pasa eta txangoak, zineforuma eta arroparen kolektibizazioa ere jarri dituzte martxan.
Orain arteko bideari errepasoa eman eta aurrera begirakoak aztertzearekin batera, ostiraleko batzarrean hausnarketa eta solasaldiari ere tarte bat eskainiko diote. Zer da kogobernantza eta nola gauzatu modu praktiko batean? gaiaren bueltan ibiliko dira. Beste hainbat herrietan herri kooperatibekin dauden esperientziak ezagutzeko aukera izango dute, eta ondoren, Maite Amenabar herriko alkateak, udalgintzatik herri kooperatibarekin sor daitekeen elkarlana proposatuko du.
Larunbatean goiz osoko festa
Duela urtebete eratu zuten herri kooperatiba Zizurkilgo Herrigunean, eta beraz, ekainean lehenengo urteurrena ospatuko dute. Hori dela eta, ekainaren 29an 7 pintxo, 7 herrialde zizka-mizka eskainiko dute. «Elikaduraren subiranotasunari ematen diogun premiarekin batera, Euskal Herriko naziotasuna ere aitortu nahi dugu», esan dute Herribizigunekoek.
Herrigunean 11:00etatik aurrera hasiko da festa. Arabatik patatak errioxar erara, Bizkaitik Gernikako piperrak, Gipuzkoatik hegaluzea, Nafarroa Garaitik zainzuriak, Behe Nafarroatik patea, Zuberoatik gazta eta Lapurditik krepa eta kafea eskainiko dira. Aldi berean aurten martxan jarri duten arroparen kolektibizazioaren ekimena plazara aterako dute. Deialdi berezia egin dute kooperatibatik, inork etxean arropa izan eta kolektibizatu nahi balu, plazara eramateko eskatu diete.
Eguna borobiltzeko, Joxetxo Otegik landare jangarri ezberdinekin erakusketa bat eskainiko du. Bitartean haurrentzat jolas kooperatiboak egongo dira Herrigunean.