Euliak harrapatzeko tranpak jarri dituzte

Ataria 2024ko ekainaren 25a

Euli kopurua ugaritu denez, hauei aurre egiteko neurriak hartu ditu Zizurkilgo Udalak.

Zizurkilgo udalak eulientzako hainbat tranpa jarri ditu. Ez dira toxikoak eta euliak modu eraginkorrean hiltzen dituela jakinarazi du udalak, produktua ukitzerakoan. Euliak ez dira tranpan harrapatuta geratzen, ukitzearekin batera hil eta erortzen dira. Udalak ohartarazi du, aldi berean, pertsona eta gainerako animaliei ez diela kalterik eragiten. Dena den, haurrek eta etxeko animaliek tranpak ukitzeko arriskua murrizteko, 1,80 metroko altueran jarri dituzte. 

Tranpa bakoitzak zortzi hilabeteko eraginkortasuna du, baina udalak bi hilabetera berriro aplikatuko du produktua, tranpen eraginkortasuna mantentzeko. Tranpak jartzea bideragarria ez den lekuetan, neurri alternatibo gisa, lainoztatzeak egiten ari dira.

Herritarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz jarri dituzte tranpak Maite Amenabar alkateak aipatu duenez. «Euli kopurua handia gutxitzea da gure helburua eta zizurkildar guztiontzat inguru atsegina mantentzeko lanean jarraituko dugu», esan du alkateak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!