Mendigain izena eman diote eskolari

Ataria 2024ko eka. 21a, 15:00

Zizurkilgo Herriguneko eskolak, orain arte San Millan izenekoak, Mendigain izena hartuko du hemendik aurrera. Ikasturtean zehar egin duten prozesuaren ondoren, ikas-komunitateak bozketa bidez erabaki du izena. 1873an erre zuten baserri baten izena eramango du.

Orain arte San Millan eskola zena, hemendik aurrera Mendigain izango da. Ikasturte osoa iraun duen prozesua amaitutzat eman dute gaur eskola atarian egin duten aurkezpenarekin. Ate ondoan izen berria bistaratuz eta elkarrekin bertsoak kantatuz ospatu dute izen aldaketa.

1873an, bigarren gerra karlisten barruan erre zuten Mendigain baserriaren izena hartu du eskolak, herritarrek horrela erabakita. Gaur egun, eskola dagoen orubearen aldamenean zegoen baserria Hernandorena kultur elkarteko kideek jakin izan dutenaren arabera. Baserriaren eskriturak ere berreskuratu dituzte. «Duela aste gutxi ez genekien historia gure egin dugu, eta gaurkotu», esan du izen aldaketaren prozesua gidatu duen guraso taldearen izenean Igotz Alkortak.

«Ezin jakin ziur baina horrela irudika dezakegu Mendigain baserriaren egunerokoa XIX. mendean, eskola dagoen inguru honen ondoan, Aiztondo bailarari begira. Beste asko bezalakoa izango zen ziurrenik, ez berezia, baina hori bera ez al da handi egiten duena? Txikitasunera, zizurkildarron oinarri xumeetara garamatzalako».

Mendigain izena herritar batek proposatu zuela jakinarazi dute prozesua gidatu duten gurasoek. Ondoren, maiatzaren 30ean, bost izenen artean aukeratu ahal izan zuten ikas-komunitatea osatzen duten herritarrek eta boto gehien bildu zituen izena izan zen Mendigain.

«Eskolak egun jada baduen izaerara, izena ekarri dugu. San Millanetik Mendigainera. Markesetatik baserrira. Erdaratik euskarara. Boteretik herritar xumeetara. Izan dadila Mendigain gure haurrek etorkizuna idazteko leku», esan du Alkortak aurkezpen ekitaldian.

Izaro Lizarraga herritar eta gurasoak egin du Mendigain izenaren logo berria eta eskolako ikasleek hori bera bistaratu dute eguerdian egin duten ekitaldian. Beste guraso batek, Izarne Zelaia bertsolariak osatu dituen bertsoak elkarrekin kantatuz amaitu dute izen berriaren aurkezpen ekitaldia. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!