Energiaren inguruan egin duten lanketa aurkeztu dute PM Otañoko ikasleek

Ataria 2024ko ekainaren 6a

Agenda 2030 egitasmoaren barruan 'Energia: bizitzaren motorra' izeneko proiektu landu dute eta udaletxean aurkeztu zuten asteartean, alkatearen aurrean.

Eskola Agenda 2030 programan parte hartzen ari diren Zizurkilgo PM Otañoko ikasleek esku-hartze plana aurkeztu dute Zizurkilgo Udalean. Azken bi urteetan Energia: bizitzaren motorra izeneko proiektua landu dute eta asteartean izan ziren udaletxean landutakoaren emaitzak aurkezten.

Maite Amenabar alkateak ikasleak zoriondu zituen egindako lan guztiagatik eta jakinarazi zuen udalak konpromisoa hartzen duela ekimen horiek aplikatzeko: «Ikasleek diseinatutako eta oparitutako piktogramak udal eraikinean jarriko ditugu». Beraz, zizurkildar gaztetxoen lanak herrian zehar ikusteko aukera izango da datozen egunetan.

«Udala urrats txikiak ematen ari da energiaren alorrean, eta herrian ahal bezainbeste energia aurrezteko lanean jarraituko dugu. Guztion arteko lankidetzak indarra ematen baitigu», azpimarratu du alkateak. Energia aurrezteko ahaleginen artean, auto elektrikoak kargatzeko bi aparatu jarri ditu Herrigunean udalak eta beste bi Danenako aparkaleku ondoan. Gainera, epe laburrean eraikin publikoetan jarritako eguzki plakak emaitzak ematen hastea espero dela aitortu du Amenabarrek.

Energia aurrezteko aldarria aho batez egin dute gazteek udaletxean egindako bileran eta nabarmendu dute energiaren kontsumoa arduratsua zizurkildar guztien kontua dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!