Plaza Etxeberriko ostalaritza zerbitzua esleitzeko prozedura abiatu dute

Ataria 2024ko maiatzaren 28a

Udalak ekintzaileak gonbidatu ditu deialdi honetan parte hartzera.

Plaza Etxeberriko ostalaritza zerbitzuak ustiatzeko lehiaketa martxan jarri du Zizurkilgo Udalak. Tokiko eskaintza gastronomikoa «suspertzea eta dinamizatzea» eta bizilagun nahiz bisitarientzako «topagunea eta gozamena» eskaini nahi du udalak prozesuarekin. «Jatetxearen irekierak herriko ekonomia jarduera bultzatzeaz gain, herritarren bizitza sozial eta kulturala ere sustatuko du. Zizurkildar zein bisitariek bertako gastronomiaz gozatzeko eta oroitzapen ahaztezinak sortzeko gunea izango da Plaza Etxeberri».

Maite Amenabar alkateak ostalaritza sektoreko enpresa eta ekintzaile guztiak gonbidatu ditu deialdi honetan parte hartzera, proiektu honek Zizurkilen garapen ekonomiko eta sozialerako duen garrantzia azpimarratuz: «Aukera paregabea izango da gure herria biziberritu, guztiok elkartzeko beste gune bat izan eta, aldi berean, turismoa eta tokiko kultura sustatzeko».

Oinarriak eta prozesuan parte hartzeko behar den informazio guztia Euskadi.eus atariko kontratatzailearen profilean eskura daiteke, ondorengo esteka honetan: labur.eus/kontratatzailearenprofila

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!