Eskolaren izen berria aukeratuko dute maiatzaren 30ean

Ataria 2024ko maiatzaren 25a

Argazkia: 28 Kanala

Epergain, Mendigain, Ezkeltzu, Txepetxa eta Inurri izenen artean aukeratu ahal izango dute herritarrek, datorren ostegunean, 16:30etik 18:30era, eskolan bertan.

Azkenera iritsi da Zizurkilgo Herriguneko eskolari izena aldatzeko prozesua. Datorren ostegunean, maiatzaren 30ean, bost proposamenen artean bozkatzeko aukera izango dute herritarrek eskolan bertan 16:30etik 18:30era.

40 proposamen inguru jaso dituzte eta izena aldatzeko prozesua gidatu duen batzordeko kideen esanetan 30 inguru izan dira aproposak. Multzoka sailkatu eta orekatu egin dituzte batzordetik, eta irakasle eta guraso elkartearekin batera aukeraketa egin ondoren, ikasleak eurak izan dira azken bost izenak hautatu dituztenak: Epergain (eskola atzeko mendixka); Mendigain (eskola ondoan zegoen baserria, Karlistaden garaian erre zutena); Ezkeltzu (Zizurkilgo mendia); Txepetxa (txori txiki ohikoa Euskal Herrian, Otañoren bertsoetan agertzen dena); eta Inurri (txikitasunaren indarra erakusten duen izena).

Bost proposamen horien artean datorren ostegunean gustukoenaren alde bozkatu ahal izango dute eskolako komunitatea osatzen duten herritarrek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!