LGBT+fobiaren aurkako mozioa onartu du udalbatzak

Ataria 2024ko maiatzaren 22a

LGTB+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko borrokatzen diren kolektiboak aitortu ditu udalak.

Zizurkilgo Udalak bat egiten du LGBT+fobiaren aurkako nazioarteko eguneko aldarrikapenekin, eta konpromisoa hartu du lanean jarraitzeko errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko.

1990eko maiatzaren 17an Munduko Osasun Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen nazioarteko zerrendatik kendu zuela oroitzen da egun horretan; Udal ordezkarien esanetan, «orientazio honen despatologizazioan eta aniztasun afektibo-sexualaren onarpenean aurrerapauso garrantzitsua izan zen».

Hala ere udalbatzak onartu duen adierazpenean aipatzen denez, kolektibo honetako pertsonek oraindik ere diskriminazio egoera ezberdinak pairatzen dituzte. «Ondorioz, beharrezkoa da horren aurka borrokatzen jarraitzea. Egun honen helburua LGBT+ kolektiboko pertsonek jasaten dituzten eskubide urraketak eta indarkeriak salatzea da, baita pertsona hauen eskubideen alde egin beharreko lanarekiko interesa piztea ere. Jendarte osoaren erantzukizuna da diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea».

Mobilizazioetan parte hartzeko deia egitearekin batera, LGBT+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak aitortu ditu Zizurkilgo Udalak. «Gure bizitzek balio dutelako, stop LGBT+fobia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!