San Millan eskolarako izen berria proposatzeko aukera ostiralera arte

Ataria 2024ko maiatzaren 14a

Interneteko galdeketa bat betez, eta eskolan eta Iriarten jarri diren kutxetan egin daitezke proposamenak ostirala bitarte.

Zizurkilgo Herriguneko San Millan eskolari izena aldatzeko prozesuan iritsi da proposamenak egiteko epea. Maiatzaren 17ra arte egongo da aukera horretarako.

Izena aldaketa bideratzen ari den batzordeak aukera ezberdinak jarri ditu proposamena helarazteko. Alde batetik, Interneteko esteka batean klikatuz eta galdeketa betez; eta bestetik, bi kutxa jarri dituzte, eskolan bertan lehena eta Iriarten bigarrena. Izen proposamenarekin batera, azalpen labur bat ere eskatzen dute batzorde kideek. Pertsonako, gehienez, hiru proposamen luzatu daitezke.

Batzordetik ekimenean parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei, «eskola zizurkildar guztion ondarea baita». Bilketa egin ondotik, izen gutxi batzuk aukeratu, eta ekaina hasieran bozketarako aukera zabalduko dute Herrigunean bizi diren herritarrek eskolaren izen berria hauta dezaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!