BABESTUTAKO EDUKIA

Hazi eta hezi, nekazaritza giroan mugilduta

Ataria 2024ko mai. 9a, 10:00

Datorren ikasturterako kalitatezko eskaintza zabalarekin dator Fraisoro Eskola, eta aurrematrikulazioa egiteko aukera izango da maiatzaren 24a arte.

Zizurkilgo Elbarrena auzoan kokatuta dagoen Fraisoro Eskolan hasi dira 2024/2025 ikasturtea prestatzen. Ate irekien jardunaldiak antolatzea izaten da lehen urratsa; ikastetxea eta eskaintzen dituzten zerbitzuak bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko aukera izaten dute Fraisoro Eskolan bere ibilbidea hasi nahi duten ikasle berriek. Otsailetik hona zenbait saio izan dituzte, eta horiek amaituta, aurrematrikulazioari heldu diote orain.

Dagoeneko zabalik da Fraisoro Eskolako aurrematrikulazio epea, eta maiatzaren 24ra arte izango da hori egiteko aukera. Interesa dutenek, batetik, aurrez aurre egiteko aukera izango dute eskola barruko ordutegian; astelehenetik ostegunera, goizetan, 8:00etatik 13:30etara, eta arratsaldeetan, 14:30etatik 16:00etara, eta ostiraletan, 08:00etatik 14:00etara. Online egiteko aukera ere badago, Ikasgunea plataformaren bidez. Zikloen zerrenda egiterakoan, ziklo bat baino gehiago aukeratzea gomendatu dute eskolatik, baita ikasleari gehien interesatzen zaion zikloa lehen aukera bezala jartzea ere. Ez da maximorik izango.

Zikloen zerrendarekin batera, ikasleek N.A.N. fotokopia bat eta ziurtagiri akademikoa aurkeztu beharko dute. Azken hau oraindik ez duten ikasleek ekaina amaieran aurkezteko aukera izango dute. Horretaz gain, Oinarrizko Maila egiten duten ikasleen kasuan, eskolako oniritzia adierazten duen dokumentu bat ere aurkeztu beharko dute.

Aurrematrikulazioa egitearen garrantzia azpimarratu dute eskolatik, «orain aurrematrikula egiten ez dutenek, ez-ohiko epera itxaron beharko dutelako eta libre geratu diren plazetara bakarrik aurkeztu ahal izango dute».

Eskaintza zabala

Orain arteko ibilbide luze honetan, eskolak aldaketa eta garapen handiak izan ditu. Eskolako bi ildo nagusiak hezkuntza eta lanbideratzea dira. Horren adibide, jada zegoen hezkuntza eskaintza osatuz, gizartearen beharretara egokitzeko aurtengo ikasturtean hasi diren bi ziklo berriak dira: Nekazaritza eta abeltzaintzako oinarrizko zikloa eta Elikagaiak eraldatzeko erdi mailako teknikaria zikloa. Oinarrizko zikloak ikasleei DBHko titulazioa lortzeaz gain, Lanbide Heziketako titulua eskuratzeko aukera emango die eta Elikagaien eraldaketa zikloak, elikagaien industriak askotan jakinarazi duen langile kualifikatuen beharrak betetzeko aukera ona eskainiko die ikasleei.

Nazioartekotzea ikastetxearen plan estrategikoaren ardatzetako bat da. Horregatik, ikasleen mugikortasuna bultzatzen du, baita euren enplegagarritasuna ere. Izan ere, Lanbide Heziketa Dualaren aldeko apustua egiten du, enpresako eta eskolako ikaskuntza-prozesuak konbinatuz eta ikasleari lan merkatuan sartzen lagunduz. Gainera, lan poltsa zerbitzua kudeatu eta eskaintzen du.
Ikasleek egin beharreko eskola praktiken aukerak zabaltzeko, hitzarmenak izenpetu ditu punta-puntako nekazaritza eta abeltzaintza enpresekin, Landa Garapeneko Elkarteekin eta administrazio desberdinekin.

Instalazio aberatsa

Eskolak duen instalakuntza aberatsari esker, ikasleek behar duten irakaskuntza praktikoa jasotzeko aukera dute. Abeltzaintza ustiategiak –esne eta haragitako behiak, ardiak, oiloak eta erleak, besteak beste– eta hauek kudeatzeko 20 hektareako lursailak aurkitzen dira eskola inguruan, baita 4.000 metro karratuko negutegi eta kanpoko baratzak ere. Makinaria eta egoki hornitutako tailerrak ere eskaintzen dituzte, ikasleek lanabesen erabilera egokia eta segurtasun neurriak zeintzuk diren ikasi ditzaten.

Eskolako eremuan ere beste zenbait espazio aurki daitezke, besteak beste, erletegia, nekazaritzako praktiketarako laborategia, sagardotegia, estazio meteorologikoa, zuhaitzen eta zuhaizken bilduma, fruta-arbolak, baso autoktonoa, txakolin-mahastia eta lorategiak. Ikasleentzako barnetegia, jantokia eta garraio zerbitzuak ere eskaintzen ditu.

Eskolako eguneko jarduna hobetzeko asmoz, ISO 9001-2015 Arauaren araberako kalitatearen kudeaketa-sistema du prestakuntza arautuan. Honela, eskolak argi uzten du ingurumenarekin duen konpromisoa, Ekoscan Ingurumen Kudeaketako sistema ezartzean eta ziurtatzean.

126 urteko ibilbidea

Fraisoro Eskola LHIIk 126 urteko ibilbidea darama nekazaritzan, abeltzaintzan eta oro har, lehen sektorerako hezten. Hain zuzen, 1898ko irailaren 7an inauguratu zuten Casa Modelo Fraisoro izenarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, zientzia eta teknologia oinarri zituela. Ordutik etengabeko garapena izan du, garai berrietara egokituz, eta ikasleak lanerako prestatuz. Gaur egun Lanbide Heziketako ikastetxea da eta bere lan kulturaren ezaugarriak pertsonen garapena, talde lana, partaidetza, kooperazioa, berrikuntza, etengabeko hobekuntza, sektorea eta gizartearekiko konpromisoa eta ingurumenarekiko errespetua dira, eta horretan jarraituko du urte luzez.

Fraisoro eskola

Helbidea. Elbarrena auzoa, 12, Zizurkil.

Webgunea. Fraisoroeskola.eus

Helbide elektronikoa. fraisoro@fraisoroeskola.eus

Telefono zenbakia. 943 69 21 62

Facebook. Fraisoro Eskola

X. @fraisoroeskola

Instagram. @fraisoroEskola

Youtube. @fraisoroeskola9561

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!