Helene Alberdi eta Joanes Goitisolo izan dira irabazleak

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 20a, 20:09

Zizurkilgo III. Duatloian, emakumezkoetan, Alberdiren ondoren Ainhoa Murua eta Enara Oronoz helmugaratu dira. Gizonezkoetan, Goitisoloren ondoren, Urko Herran eta Aimar Murua iritsi dira.

Maila handiko lehia bizitu da Zizurkilgo III. Duatloian. Emakumezkoetan lehia estua izan da Helene Alberdiren eta Ainhoa Muruaren artean, eta azkenean Alberdirentzat (1.06.52) izan da garaipena eta Murua bigarren postuarekin geratu da (1.07.02). Hirugarren Enara Oronoz helmugaratu da (1.09.27).

Gizonezkoetan ere lehia estua izan da, azken korrika zatian erabaki dena. Joanes Goitisolok (55.12) irabazi du, oso gertu izan du Urko Herran (55.23) eta ez da urruti geratu Aimar Murua (55.36).

Aiztondo bailarako lehen sailkatuak ere saria jaso du, eta emakumezkoetan Isabel Dumall asteasuarra (1.18.08) izan da eta gizonezkoetan Eneko Gurrutxaga amasarra (58.59).

Federatu gabeko lehen hiru sailkatuek ere saria jaso dute. Emakumezkoetan, Ania Arregi (1.17.54), Nahiara Sanchez (1.24.49) eta Nerea Uranga (1.33.02) izan dira podiumera igo direnak, eta gizonezkoetan Eneko Gurrutxaga (58.59), Iñigo Lasarte (59.51) eta Julen Etxebarria (1.01.49).

Lehenengo aldiz irabazi du Helene Alberdik Zizurkilgo Duatloia. «Proba pentsatu bezala atera da. Gogoa nuen Zizurkilera etortzeko, eta irabazita oso pozik nago», azaldu du. Ia azken unera arte batera joan da bere entrenatzailea den Ainhoa Muruarekin. «Oso ondo ezagutzen gara, askotan entrenatzen gara elkarrekin, eta egia esan hitz eginda genuen saiatuko ginela batera joaten, eta bizikletan elkar laguntzen. Lehen zatian korrika erraz joan naiz, gero bizikletan gehiago sufritu dut, eta azken korrikako zatian, nor baino nor joan gara eta nik irabazi dut, baina bigarren geratuta irabaztea bezala izango zen», esan du irabazleak.

Gizonezkoetan batera iritsi dira bizikletako tartera Goitisolo eta Herran, baina zati horretan beste zortzi parte hartzaile batu zaizkie. «Azken korrikako zatian dena ematera joan naiz, eta azken momentuan beste aldaketa bat izan dut eta irabaztea lortu dut», azaldu du Goitisolok. Hiru urteetan parte hartu du, lehenengoan bigarren eginez eta beste bietan garaipena lortuz. «Giroa du berezia Zizurkilgo Duatloiak, oso herrikoia da, jende asko dago ikusten eta animatzen, mimo askoz sortutako proba da, ibilbideak bere xarma du eta horrelako lasterketak gustatzen zaizkit», esan du Goitisolok.

Isabel Dumallek lehenengo aldiz parte hartu du Zizurkilen, eta Aiztondoko lehen emakumezkoa izan da. «Parte hartzera etorri naiz, eta oso gustura ibili naiz», azaldu du. «Korrikako zatia nahiko gogorra da, Fraisoro aldera hiru aldiz igo behar delako, eta bizikletan Adunako zein Zizurkil Herriguneko igoerak ez dira errazak, baina oso polita da lasterketa». Eneko Gurrutxaga bi aldiz igo da podiumera, Aiztondoko lehenengo gizonezkoa izateagatik, eta federatu gabekoen sailkapenean lehenengoa izateagatik. «Pentsatzen nuen Aiztondoko sailkapenean hor borrokan ibiliko nintzela, baina federatu gabekoetan ez nekien zein aterako zen», esan du. «Errepideko duatloi batean azkeneko aldiz orain zortzi urte atera nintzen, eta guri gustatzen zaigu gure lasterketetara jendea etortzea eta ondoko herrian antolatzen direnean ere tokatzen da joatea».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!