Otaño laugarrengoz Argentinara

Jon Miranda Labaien 2024ko api. 11a, 07:58
Hernandorena kultur elkartekoak, Otañoren ondorengoan eta Patxi Bisquert ekoizlea Atxulondo kultur etxean.

Aurrera darrai Pello Mari Otaño bertsolariaren bizialdia kontatuko duen Ombuaren itzala filmaren auzolanak; apirila bukaeran Argentinara egingo du talde teknikoak, grabaketarekin jarraitzeko.

Iazko ekainean Ombuaren itzala pelikularen pare bat sekuentzia Donostian filmatu ondoren, datorren apirilaren 22tik maiatzaren 3ra Argentinan jarraituko dute filmaren grabazioarekin. Handik bueltan, ekaina hasiera bitartean Euskal Herriko lokalizazioetan grabatuko dituzte Pello Mari Otañoren bizitzaren azken 20 urteak jasoko dituen pelikularen azkeneko eszenak. Patxi Bisquert ekoizle eta proiektuaren bultzatzaileak udan postprodukzio lanak egin eta irail erdirako eduki nahiko luke prest filma. «Zeharo pozik gaude zailena egitea lortu dugulako. Talde tekniko ederra osatu dugu eta aktoreak ere animoso daude, gogo handiarekin lanean jarraitzeko». Ombuaren itzala errealitate bihurtu dadin, ordea, 750.000 euroko aurrekontuaren %15 inguru falta dela nabarmendu du Bisquertek. «Baikorra naiz, ziur nago herritarrek azken ahalegina egingo dutela filma errealitate bihurtzeko».

Azken bultzada hori emateko prest agertu ziren asteartean Zizurkilgo Atxulondo kultur etxera gerturatu ziren herritarrak. Hernandorena kultur elkarteak deitu zituen aurkezpenera eta taldeko kide Joxin Azkuek gogoratu zuen, duela lau urte, 2020ko urrian, Plazaetxeberrin egin zutela pelikularen aurkezpena, eta esan zuen lau urte hauetan, Bisquert gidari dela, proiektu azaldu eta filma egiteko auzolana martxan egon dela. 

Ekoizleak gogoratu zuen Otañoren aldeko laugarren diru bilketa dela filmarena. «Bizitoki izan zuen Karidadeko Benta auzolanean eraiki zuten, adibidez; bigarrena, Victoriano Iraola editoreak antolatu zuen, sosik ez zutela ikusita, aurrez saldu zituen Zerbait liburuaren aleak eta diru horrekin argitaratu zuten gero; hirugarren auzolana, 1898an  Otaño familiarekin batera Argentinara joan zedin bultzatu zuen Donostiako Union Artesanak, eta hura ere, itsasontziko pasajeak erosteko diru bilketa herrikoia izan zen».

Lau urteotan modu askotara bideratu dute Ombuaren itzala  filmaren aldeko diru bilketa. Crowdfunding kanpaina ere jarri dute Verkami atarian eta helburua berri dutela jakinarazi du Bisquertek. 45.000 euroko kopurura iritsi dira martxoa amaieran. Bestalde, Pellomariotañoauzolana.eus webgunean jasoko dituzte interesatuek ekarpena egiteko moduen berri: kontu korronte batean, Bizum aplikazioaren bidez edota aurrez 10 euroan filma ikusteko bonu-sarrera erosita egin daiteke ekarpena. 

«Euren aletxoa jartzen duten guztiak izango dira pelikula honen ekoizleak», nabarmendu zuen astearteko aurkezpenean Bisquertek. Aipatu zuenez proiektuaren babesle bezala Euskal Herri osoko 120 udaletxe daude eta baita Ikastolen Elkartea eta hainbat kultur elkarte ere. «Ikastolen federakuntzarekin batera, besteak beste, eskola publikoek, Bertsozale Elkarteak, Pamiela argitaletxeak, Elkar fundazioak, Argentinako euskal etxeen federazioak, eta hemen Tolosaldean, Galtzaundi euskara taldeak eta Hernandorena kultur elkarteak babesten dute ekimena».  

Zizurkilgo ekoizlea kezkatuta dago euskal zinemagintzak azken 40 urteotan izan duen bilakaerarekin. Euskaraz egindako pelikulek geroz eta pantaila gutxiago dituela uste du Bisquertek: «Errealitate hori irauli egingo dugu guk. Amaituta dagoenean, ekoizle izan direnek filmaren kopia bat jasoko dute nahieran erabili dezaten. Beraz, kalkulatzen dugu 400 pantaila izango dituela Ombuaren itzala filmak». Otañoren oroimena herrigintzaren esku utziko dute, honenbestez.

Bisquert ekoizlea eta Unai Mendizabal eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak.


Otañori gorazarre
Pertsonaia emankor gisa aurkeztu zuen Bisquertek Otaño, eta neurriko film bat eskaini nahi diotela esan zuen. «Gure herrikideak ongi irabazia du egiten ari garen guztia». Filmean herritarrek ere parte hartu ahal izango dute aktore estra bezala. Jende asko beharko den bizpahiru eszena aurreikusten ditu Bisquertek: 1893an Donostian Gernikako Arbola abestu ondoren poliziak bortizki erreprimitu zuen manifestaziorako, Otañori Pasaiako portuan egin zioten agurrerako, eta Karidadeko Bentako giroa irudikatzeko –Ziraukin, Nafarroan, grabatuko dute azken eszena hori–. 

Aktore bezala parte hartuko du pelikulan Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak, –Pello Mariren osaba eta Plazidaren aita zen Joxe Bernardoren papera jokatuko du–. Astearteko aurkezpenean soldaduska garaian Otañoren bertsoak gogoratuz zenbat negar egiten zuen gogoratu zuen bertsolari anoetarrak. Alboan izan zuen Otañoren jaiotetxe izan zen Errekalde baserritik hurbil, Adunibarren jaiotako Unai Mendizabal zizurkildarra. Deia luzatu zien bildutakoei, «behingoz herrian profeta izan dadin», Otañoren bizitzari buruzko filma gauzatu ahal izateko ekarpena egin dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!