Basogintza sektore «jasangarria» defendatzeko adierazpena sinatu dute

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 18a, 15:25
Sinaduraren ondoren, pinu gorri ('Pinus Sylvestris') bat landatu da Fraisoro Eskolan.

Eusko Jaurlaritzako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak Fraisoro Eskola LHIIn egon dira gaur eta euskal basoen ondarea balioesten duen dokumentua sinatu dute.

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Baskegurrek, Basoa Fundazioak, Fraisoro Eskola Lanbide Heziketa Integratuko Nekazaritza Zentroak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako baso-jabeen elkarteak biltzen dituen Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak basogintza-sektorearen aldeko adierazpena sinatu dute, basogintzari balioa emateko eta Euskadin baso-kudeaketa jasangarria eta aktiboa sustatzeko.

Ostegunean Basoen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta hitzordua baliatu dute Zizurkilgo Fraisoro nekazaritza eskolan adierazpena sinatzeko. Era horretan, basoetan ematen den utzikeriari aurre egiteko konpromisoa azaldu dute euskal erakundeek eta baso-zuraren sektoreak. Euskal basoen ondarea ingurumen, gizarte eta ekonomia aberastasun iturri dela gogoratu dute eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako tresna garrantzitsua dela nabarmendu.

Bestalde, Julian Unanue Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederazioko presidenteak gogorarazi du, mende bat pasatxoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zuhaitz azalera % 25 bakarrik izatetik Europako baso-ratio handiena duen eskualdeetako bat izatera pasa dela: «gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko azalera osoaren %55 baino gehiago zuhaiztiak dira eta eraldaketa hori ez da bakarrik etorri, lehen sektoreari lotutako milaka baso-jaberen eskutik baizik eta horien jarduera baserriaren euskarri garrantzitsua da». Baso Kudeaketa Jasangarriaren alde egindako apustua azpimarratu du Unanuek eta esan du, EAE-ko baso azaleraren %27 PEFC jasangarritasun zigiluaren barruan dagoela, Espainiako Estatuan %14 besterik ez den bitartean. 

 

ADIERAZPENA

Euskadiko basogintza sektorearen alde Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, nekazal lanbide hezkuntzako Fraisoro Eskolak, Baskegurrek, Basoa Fundazioak eta Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak, zeinak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko basojabeen elkarteak biltzen dituen, ondorengo adierazpena egitea adostu dute. Honen bitartez, publikoki aitortzen dute basogintza jasangarri eta aktibo batek gure egunerokoan jokatzen duen paper garrantzitsua, bai lehen sektorean eta baita ere gizarte guztian: 


1. Baso-sartzearen, baso-berritzearen eta Euskadiko basogintza-ondarearen protagonistak

Baso-jabeak funtsezkoak izan dira gaur egun ezagutzen dugun Euskadi berdea eraikitzen. XX. mendearen hasieran, Gipuzkoako eta Bizkaiko basoen azalerak lurralde horien guztien % 25 baino ez zuen betetzen; eta ondoren lortu dugun baso-ondare handitzea, gaur egun % 55era iritsi arte, baserriari eta lehen sektoreari lotutako milaka lagun horien basoberritze ahalegin handiari esker izan da posible. 

2. Gizartea kontzientziatzea eta baso-jarduera uzteari aurre egitea 

Gure basoen aniztasuna eta eskaini diezaguketen ekoizpen-, paisaia- eta babes-potentziala izugarri handiak dira. Baso-jabetza motibatu behar dugu bere inbertsioa eta dedikazioa basoen kudeaketa jasangarri, errentagarri, kalitatezko eta berritzaile baterantz bidera dezan. Gizartea bidelagun behar dugu baso-jarduera bertan behera geratzea saihesteko; gizarte-ulermena eta babesa oso garrantzitsua da. Belaunaldien arteko erreleboa bermatzea eta etorkizunean gure mendiak modu aktibo eta jasangarrian kudeatzen dituzten baso-kudeatzaileak behar ditugu. 


3. Landa-eremuak bultzatzea eta tokiko administrazio txikiei laguntzea 

Biodibertsitatea hobetzeaz gain, sute arriskua murrizteaz gain eta ekosistema hauek gizarte osoari eskaintzen dizkieten ingurumen-zerbitzuez gain, basoak gure herrialdean errotutako enplegu-iturri egonkor izan daitezke eta izan behar dute. Horrek guztion bizi-kalitatea hobetzen lagunduko luke, batez ere landa-inguruneetan, eta gure erresilientzia klima- aldaketaren aurrean ere bai. 


4. Klima-aldaketari aurre egiteko tresna 

Basogintza-sektoreak modu aktiboan laguntzen du Euskal Autonomia Erkidegoko 2050eko Klima Aldaketa Estrategia gauzatzen. Plan horrek gure herrialdearen karbono-hustubide ahalmena handitzea bilatzen du; eta horrekin batera, Euskadiko berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea, Basque Green Deal itunarekin bat eginez

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!