Lehen txapela lortu du Itxaso Erasunek

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 17a, 15:20
Itxaso Erasun eta Olatz Arrizabalaga 2024ko Emakume Master Cupeko Binakako txapeldunak. ARRASATEKO UDALA

Zizurkildarrak irabazi du 2024ko Emakume Master Cupeko Binakako finala. Olatz Arrizabalaga aurrelariarekin batera aritu da, eta 22-16 irabazi diote Etxegarai-Gaminde bikoteari.

Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasun 2024ko Emakume Master Cupeko Binakako txapeldunak dira. Gernikako aurrelaria eta Zizurkilgo atzelaria nagusi izan dira, goizean, Arrasaten jokatutako final handian. Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminderen aurka aritu dira lehian eta 22-16ko emaitzarekin gailendu dira. Arrizabalagak bere bosgarren txapela jantzi du, eta Erasunek bere lehenengoa.

Final oso orekatua eta estua aurreikusita zegoen, eta horixe izan da ikusleek goizean ikusi dutena. Urdinak 13 eta 15 aurretik izan dira, baina gorriek markagailuari buelta eman eta 18 eta 15 jarri dira aurretik. Ordurako, Erasun konfiantza gehiagorekin aritu da atzean, eta egoera hori lagungarria izan da bikote gorriarentzat.

Izan ere, markagailua 20-16 jarri denean, finala erabakita zegoen, eta txapelak ez die ihes egin Arrizabalaga eta Erasuni. Azkenean, 22-16ko emaitzarekin gailendu dira. Bertan, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!