Itxaso Erasun (Zizurkil, 1999) lehen aldiz iritsi da Master Laboral Kutxa binakako txapelketaren finalera. Behar Zana elkarteko pilotaria Olatz Arrizabalaga aurrelariarekin batera ariko da, Etxegarai eta Gaminde bikoaren aurka. Finala martxoaren 17an jokatuko da, 12:00etan hasiko den jaialdiaren barruan, Arrasateko Uarkape pilotalekuan.
Zer suposatzen du Master Laboral Kutxako finalera iristeak?
Niretzako oso pozgarria da. Urte osoko lanaren emaitza da. Txapelketa hau zirkuituko garrantzitsuenetakoa da. Bertan biltzen gara elitean gabiltzan pilotari onenak. Beraz, niretzat aurrerapauso bat da hona iristea.
Orain arteko partida garrantzitsuena da zuretzat?
Baietz esan daiteke. Beste final batzuk ere jokatu ditugu, Gipuzkoako Txapelketak edo Euskal Herri mailakoak, baina honek badu puntu berezi bat, bertan telebista izango delako tartean. Hau neska gazteentzat ikusgarriagoa da, eta telebistak eta sare sozialek emandako indarrarekin, emakumezkoen kirola ikustarazteko garrantzitsua den txapelketa bat da.
Aurrelari Olatz Arrizabalaga duzu. Nola izaten ari da berarekin jokatzea?
Olatzekin jokatzea beti plazer bat da. Azken garaian puntan dabilen pilotarietako bat da, eta berarekin jokatzeak presio puntu bat du. Beti iristen da finaletara eta horrek badu presio erantsi bat: zuk lan on bat egin behar izatea finalean berarekin batera sartzeko. Oso bikotekide ona da, eta txapelketa bikaina egiten ari gara; finalerdia ez zen atera nahi izan genuen bezala, tentsio handia izan zelako, baina lortu genuen finalera pasatzea, eta hor gaude.
Berarentzako bosgarren finala izango da. Hitz egin duzue finala nola prestatu?
Ez dugu ezer hitz egin. Finalerdia bukatu eta gero hurrengo partida ikusten geratu ginen, eta esan genuen edozein izanik ere finalera pasatzen zena, bikote zaila izango zela aurkari bezala. Gure artean esan genuen finalean ikusiko genuela elkar, eta orduan planteatuko genuela nola jokatu. Gakoa, nik uste, gehien aguantatzen duenak izango du, edo ausarten jokatu eta ondo ateratzen zaionak.
Ez duzue entrenamendurik batera egingo?
Ez dugu batera entrenatzeko hitz egin. Azkenean bakoitzak bere entrenamendu pertsonalak egiten ditu, bere entrenatzaileak ditu eta bere kluba du. Beraz, bakoitza bere aldetik ari gara. Ez dut baztertzen egun hauetan geratzea, baina zaila ikusten dut.
Beste finalerdian, Etxegaraik eta Gamindek atzelaria kastigatu zuten. Hori espero duzu gertatuko dela finalean?
Nik uste dut beraiek estrategia bera mantenduko dutela. Oso bikote gaztea da, eta indartsua, potentzia handikoa. Jakinik Olatz dutela aurkaritzat, ez dira aurreko koadroetan sartzen hasiko. Nik uste dut atzean kargatuko dutela partida, eta nire esku egongo da partidari eustea, ahalik eta akats gutxien egitea, eta aurrera egitea.
Eta nolako partida nahiko zenuke izatea?
Desiratuko nuke partida erraz bat izatea, tentsiorik gabekoa, gure alde erortzea tanto guztiak eta azkar bukatzea. Errealitatea hortik urruti izango dela badakit. Badakit aurkariek ez dutela etsiko eta niri tokatuko zaidala partidari eustea.
Zu nola ari zara entrenatzen?
Oraingoz frontoiko entrenamendua lehenesten dugu, hori izango delako gakoa. Teknika lantzen jarraitu eta fisikoki asko behartu gabe ibili, esfortzu handiegirik ez egin, zaindu, giharrak deskantsatzen utzi, eta egun handirako erabat deskantsatuta iristea izango da helburua.
Amasako frontoian aritzen zara entrenatzen, ezta?
Bai, Behar Zana klubean nago, eta bertan lau neska elkartzen gara entrenatzeko, eta Iñaki Lizaso da gure entrenatzailea. Amasan elkartzen gara asteartero eta hor egiten dugu gure entrenamendu teknikoa. Bestela saiatzen gara gimnasioko lanak egiten, eta fisikoa lantzen: korrika, desplazamenduak, iraupeneko ariketa batzuk...
Finala eta gero, aurrera begira, zer helburu dituzu?
Helburu finkorik ez dut. Emakume kirolari bezala dudan helburu nagusiena hobetzen joatea da, geroz eta maila hobea lortzea, eta pixkana gure kirola geroz eta profesionalagoa izatea lortzea. Nik, pertsonalki, maila gorengoan oraindik eta pauso handiago bat ematea, eta ahal bada txapelketetan ondo ibiltzea eta finaletara iristea.
Emakumezkoen kirolari gizartean presentzia gehiago izatea falta zaio?
Bai. Esku pilotari orain gutxi hasi zaio ikusgarritasuna ematen. Urte asko dira nik eskuz jokatzen nuenetik, txiki-txikitatik, baina hor momentu bat egon zen geldialdi moduko bat izan zela, eta emakumezkoen esku pilota ezin izan zela aurrera eraman. Orain aukera hori izatea, eta ikusgarritasun hori pixkana lantzen joatea oso garrantzitsua da emakumezkoen kirolarentzako eta baita azpitik datozen neska guztientzako. Azken finean, pilota benetan kirol garrantzitsua izatea eta benetan duen garrantzia ematea.