Aurrekontu «errealista» onartu du Zizurkilek 2024rako

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 6a, 11:59

Bulandegi bideko bigarren fasea, eta Atxulondo eta Plazaetxeberri eraikinak eraberritzeko proiektuak idatziko ditu udalak.

Zizurkilgo Udalak 3.739.444 euroko aurrekontua onartu zuen otsailaren 13an egindako ezohiko osoko bilkuran. Maite Amenabar alkatearen hitzetan aurrekontu «errealista» da onartu dutena eta «zuhurtasuna» erabili dute irizpide gisa diru sailak zehazterakoan. Lasaitasuna transmititu du: «Iazkoarekin alderatuta %10 txikiagoa da aurrekontua, besteak beste, bertan ez ditugulako islatu etorri daitezkeen diru laguntzak. Sarrera eta gastuak errealak dira eta parekatuta daude». Amenabarrek azpimarratu du udalaren osasun finantzarioa «ona» dela eta udalak baduela gerakina urtean zehar zenbait partida indartzeko.

Gastuak bere horretan mantenduko ditu Zizurkilgo Udalak 2024an eta herriko eragile eta elkarteei egiten dien ekarpenean ez du murrizketarik egingo. «Laguntza horiek lehenetsi ditugu iruditzen zaigulako herriaren aberastasuna elkarte horiek egiten duten lanean dagoela. Zizurkili bizia ematen diote».

EH Bilduk duela hilabete gutxi aurkeztu zuen 2023-2027 agintaldirako plana eta Amenabarrek esan du dokumentu hori izango dela udal gobernuaren iparrorratza. «Iaz hartutako konpromiso ak bete genituen eta hirigintza arloko lanez harago, beste pauso batzuk ere eman genituen. Euskara eta feminismoa zehar lerroak dira guretzako eta zizurkildarren ongizatea lehenesten dugu beste edozeren gainetik». Alkateak adierazi du handitu egin dutela, esate baterako, Gizarte Zerbitzuetara bideratutako dirua aurtengo aurrekontuan. 200.000 euro herritarren oinarrizko premiak asetzeko erabiliko dira, eta tartean, , zati bat erabiliko da zaintzari buruzko azterketa egiteko bailarako beste hiru udalerrirekin batera.

Hasiera batean, 252.000 euro inguruko diru multzoa erabiliko du udalak inbertsioetarako, alkateak aipatu duenez, «bidean etorri daitezkeen diru laguntza eta ekarpenekin handitu daitekeen kopurua da». Diruaren zati handiena hainbat proiektu idazteko baliatuko dutela esan du Amenabarrek. Tartean dago Bulandegi bidea egokitzeko proiektua. Lehenengo fasea amaitzeko falta den atala egingo dute aurten: «Obrak tarteko pasabide bat egin dute oinezkoentzat Teodosioberri etxetik plazarantz. Ikusi dugu jendeak asko erabiltzen duela eta espaloi zati hori egokituko dugu». Errepidearen beste aldean egindako lanekin ere amaituko dute aurten eta tunelera bitarteko zatian zabalera berdina emango diote espaloiari.

Lanak ez dira horrekin amaituko, Bulandegi bidea egokitzeko borondateari eusten baitio udalak, «kosta ahala kosta». Bigarren fasean egingo diren lanak zehazteko proiektua idaztera bideratuko dute aurtengo aurrekontuaren zati bat. Otaño herri eskolatik beherako eremuaz aritu da alkatea: «Guk herritarren segurtasuna bermatu behar dugu eta oinezkoentzat gune atseginago eta seguruago bat ziurtatzeko egingo ditugu lan hauek. Iruditzen zaigu Asteasuko industriagunera joateko saihesbide bat egin ezean herriko erdigunean trafiko ugariak sortzen dituen arazoak konpontzeko aldundiak ere hartu beharko lukeela konpromisoa». Udalak duela aste gutxi egin zuen bilera aldundiarekin eta Amenabarrek esan du saihesbidea egitearen aukera aztertuko dutela esan zietela bertako arduradunek.

ATXULONDOREN ERABERRITZEA

Zizurkilgo Udalak 2024an Atxulondo kultur etxearen eraberritzearen azterketari helduko dio. Alkatearen esanetan eraikinak baditu behar batzuk, efizientzia energetikoari, aireztapenari eta argiztapenari begira, baina harago jo nahi dute hausnarketarekin: «Gaur egun Loatzo musika eskolako klaseak ematen dira bertan, AEK-k ere eskolak ematen ditu Atxulondon eta hainbat ikastaro ere izaten dira. Denen elkarbizitza posible egiteko zein neurri hartu pentsatu beharko dugu eta horretarako baliatuko dugu sail bat aurtengo inbertsioetan». Areto nagusian egin du azpimarra alkateak, eta idatziko duten proiektuan espazioari etekin handiagoa ateratzeko egin beharreko moldaketak zehaztuko dituztela hitz eman du.

Aurtengo ikasturtean landuko duten beste proiektu garrantzitsuak, beste udal eraikin batekin du zerikusia. Herriguneko Plazaetxeberri egokitzeko konponketa egiteko proiektua idazteko baliatuko dute urtea. Bide batez, bertako ostatu-tabernaren kudeaketa berriro lehiaketara lehenbailehen ateratzeko konpromisoa ere hartu du udalak. Herrigunean bertan, baserrien banaketak egiteko araudi aldaketari hasiera emango zaio aurten. Landa lurretan dauden baserrietan, Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren arabera eta baldintza batzuk betez gero, banaketak egin ahal izango dira aurrerantzean. Aldaketa gauzatzeko txostena idazteari ekingo dio udalak.

Kirolgune bat egiteko asmoa adierazi izan du udal gobernuak behin baino gehiagotan. «Legealdi planean azaldu genuen bezala, herriko eragileekin landutako proiektua prest izango dugu 2025eko ekainerako eta aldundian aurkeztuko dugu. Haiek esandakoa betetzen badute 2026an hasi daitezke lanak».

Amenabarrek oposiziotik jaso dituen kritiken aurrean, udal gobernuaren bide orria berretsi du. «2023an hartu genituen konpromisoak bete genituen eta berdina egiteko asmoa dugu 2024an ere». Otsailaren 13ko osoko bilkuran, 2024ko aurrekontua EAJren abstentzioarekin eta PSE-EEren kontrako botoekin onartu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!