Itxaso Erasun Master Laboral Kutxako finalean izango da

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 4a, 19:30
Itxaso Erasun, bigarrena eskuinetik, finalerdia jokatu aurretik. MASTER LABORAL KUTXA

Zizurkildarrak lehenengo aldiz jokatuko du Master Laboral Kutxa txapelketako finala. Olatz Agirrezabala aurrelariarekin batera, 22-14 irabazi diote finalerdian Beitia-Mendizabal bikoteari.

Giro ederrean, Elgoibarko Ikastolako pilotalekua goraino beteta zela jokatu dira binakako Master Laboral Kutxako finalerdiak eta bertan Arrizabalga-Erasunek eta Etxegarai-Gamindek lortu dute martxoaren 17an Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatuko den final handirako txartela, bi partida oso desberdinetan garaipena eskuratuta. Erreleboa ziurtatuta dagoenaren seinale, final horretan bi aurpegi berri izango dira, Itxaso Erasun zizurkildarra eta heldutasun handia erakutsi duen Maddalen Etxegarai. Olatz Arrizabalagak bosgarren finala jokatuko duen bitartean, Enara Gaminderen bigarrena izango da. Bi bikoteek sendotasun handia erakutsi dute eta final ireki eta ikusgarria espero da hamabost egun barru.

Olatz Arrizabalagak bere bosgarren finalerako txartela lortu du, baina gernikarra ez da batere gustura geratu egindako partidarekin. Pilotaleku berezia da Elgoibarkoa, ohikoak baino neurri txikiagokoa eta lau pilotariei, Arrizabalagari bereziki, kosta egin zaie bere baldintzetara egokitzea eta huts askoko partida irten da, takada handikoa, baina azkenerako gernikarraren eta ziurrenik finalerdiko pilotaririk onena izan den Erasunen esperientzia nagusitu dira. Faborito ziren gorriak eta are faboritoago agertu dira gernikarra eta zizurkildarra markagailuan 7-3 aurreratu direnean. Hala ere, Beitia ausart batek ez dio beldurrik izan Arrizabalagari pare-pare jokatzeari, gorriek ere huts batzuk pilatu dituzte eta lekeitiarra eta andoaindarra 8-11 aurreratu dira, aurkarien 7 opariei etekina aterata. Partida bigarren fase batean sartu da orduan, berdinduagoa eta markagailuan tarte handirik gabe. 15-14koan saketik falta bat egin badu ere, hasieran oso urduri eta bere lekua topatu ezinik ibili den Olatz Arrizabalagak lortu partidan sartzea eta azken txanpan askoz sendoago aritu da bikote gorria, asko sufritutako garaipena eskuratzeko.

Porrotarekin ezin gustura egon, baina nabarmentzekoa da Olatz Beitiak azkenaldian izandako garapena eta hurrengo txapelketetan oso kontuan izanbeharreko pilotaria da lekeitiarra. Nora Mendizabalen txapelketa guztiko lana ere azpimarratzekoa izan da.

Bigarren finalerdian estilo arteko talka bat espero zen, bereziki Amaia Aldai eta Enara Gaminderen artean, partidaren erritmoa nork jarriko. Ideiak oso argi zituzten urdinek, Dimakoa jokoz kanpo utzi eta Arrate Bergara zigortzen saiatu dira, baina hasieran ezinezkoa egin zaie hein handi batean Enara Gaminderi ere izugarri kosta zaiolako pilotalekuari neurriak hartzen. Gauzak horrela, Amaia Aldai eta Arrate Bergara 8-0 aurreratu dira markagailuan eta gauzak oso bideratuta zituztela zirudien lehen txanpa horretan. Etxegaraik eta Gamindek, ordea, partidari eusten jakin izan dute eta pixkanaka partidari eurei komeni zitzaien erritmoa sartzen joan dira. Gaminde pixkanaka atzean agintzen hasi da eta eta aurrelari oñatiarrak ere asko lagundu dio, bere eskuin bizi horrekin Aldai gainetik pasa eta atzelari gorria zigortzen.

Eta Amaia Aldai partidatik ateratzea lortu dutenean, gidoia errotik aldatu da, lehenengo markagailua lehen aldiz hamabina berdinduz eta gero alde politak ere eskuratuta (14-18). Dimoztarrak min egiten zuen jokoan sartzea lortzen zuen bakoitzean, baina horretarako oso behartuta sartu behar izan du, edo oso atzera, baita seira ere, atzeratu eta horrek asko zaildu dizkio lanak. Gazteagoak izanagatik, kantxan bikain egoten asmatu dute, prestatutako bidetik milimetro bat ere mugitu gabe, baita gauzak oso gaizki jarri izanagatik ere, eta pilota gutxi galdu eta jokoa atzera eramanda, merezitako garaipena eskuratu dute.
Txapelketa bikaina osatu duten arren, Amaia Aldaik eta Arrate Bergarak ezin izan dute aurkarien sendotasunaren aurrean eta datorren urtean saiatu beharko dute binakakoaren lehen txapela lortzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!