Asteasu errekaren birbideratzea eskatu dio udalbatzak Ura agentziari

Ataria 2024ko martxoaren 4a

Erakunde adierazpena onartu zuen udalbatzak otsailaren 27an, EH Bildu eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Zizurkilgo udalbatzak adierazpen instituzionala onartu zuen aurreko otsailaren 27an, hain justu, uholdeak izan ziren egunean.

Kaltetutako herritarrei elkartasuna adierazi eta udal baliabideak euren eskura jarri ditu udalak. Aldi berean, udal langileei eskerrak eman dizkie udalbatzak, jende mugimendua errateko, trafikoa kontrolatzeko eta kalteak gutxitzeko egindako lanagatik.

Honenbestez, Zizurkilgo Udalak Ura agentziari eskatu dio Asteasu errekaren birbideratze proiektuari ekiteko, Zizurkilen uholdeen errealitatea «gordina» atzean uzteko ezinbestekoa delako. Uholdeei aurrea hartzeko inbertsioetan egin beharreko jarduerak egin daitezela eskatu du udalak, aurreko astean gertatutako berriro gerta ez dadin.

EH Bilduk aurkeztutako adierazpen instituzionala, koalizioaren aldeko botoekin eta PSE-EEko zinegotzien oniritziarekin onartu zen. EAJko udal taldea abstenitu egin zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!