Finalean sartzeko aukera izango du Itxaso Erasunek igandean

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 1a, 19:19
Itxaso Erasun, eskuinean, txapelketaren partida baten aurretik. MASTER LABORAL KUTXA

Elgoibarko Ikastolako frontoian jokatuko dira Master Laboral Kutxako finalerdiak. Erasunek eta bere aurrelari Olatz Arrizabalagak Beitia-Mendizabal izango dituzte aurkari.

Sei asteko ibilbidearen ostean, Elgoibarko Ikastolako pilotalekuan banatuko dira igande honetan binakako Master Laboral Kutxa txapelketako finalerako txartelak. Jaialdia 12:00etan hasiko da. Ligaxkako azken eguneko azken tantora arte luzatu den lehia biziaren ostean, txapelketako lau bikoterik onenak elkarren artean lehiatuko dira martxoaren 17an Arrasateko Uarkape pilotalekuan jokatuko den finalean egoteko asmoz.

Olatz Arrizabalaga, egungo txapeldunak ez du hutsik egingo eta Elgoibarren izango da, beste final baten atarian. Gernikarrak oso bikote sendoa osatu du Erasunekin, lehen faseko bikoterik onena izan dira eta binakakoan bere bosgarren txapelerako bidean, dena ematera irtengo da. Parean Beitia-Mendizabal izango dituzte, finalerdietarako txartela azken unean lortu zuen bikotea, baina lekeitiarra pixkanaka izar handien artean leku bat egiten ari da eta txapelketan zehar emandako maila errepikatzeko gai bada, aurrelarien arteko dema polita espero da.

Beste finalerdian, jokatutako bina partidak irabazi dituzten Aldai-Bergara eta Etxegarai-Gaminde ariko dira eta partidak ederra izateko osagai guztiak ditu. Estilo arteko talka bat espero da, egungo buruz buruko txapeldunak partida aurreko koadroetara eraman nahi izango duelako eta beste bikotearen indargunea, aldiz, atzean aurkitzen delako. Enara Gaminde txapelketako atzelaririk sendoena izan da orain arte eta Laukizkoa partida atzean joka dadin saiatuko da. Bere erritmoa ezartzeko gai den bikoteak bidearen erdia baino gehiago izango du egina.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!