Herribizigune elkartea da 2024ko txapelduna

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 22a, 09:49
Iazko edizioan Ziotza pilota elkarteko kideek jaso zuten aitortza

Martxoaren 9an egingo dute Txapel Egunaren 29. edizioa Zizurkilgo Herrigunean.

Martxoaren 9an egingo dute Zizurkilgo Herrigunean Txapel Egunaren 29. edizioa. Aurtengo txapelduna Herribizigune elkartea izango da.

Zizurkilgo Herri Bulla festa batzordeak antolatzen du Txapel Eguna eta bi helburu ditu: lagun giroan, txapela jantzita, herritarrak batzea; eta herri giroa sustatzen lan egiten duen talde edo pertsona bat eskertzea.

Aurten aitortza hori Herribizigune elkarteari egin diote: «Zizurkilgo Herrigunean azken urteetan aktiboen egon den taldea da. Jatorri ezberdineko pertsonek osatu zuten sarea, herri giroa sustatzea oinarrietako bat zutela. 2019tik hona Elikadura Sarea martxan jarri dute, ikastaroak eskaintzen dituzte, eta aldi berean gogoetarako gune bat da, kultur eskaintza ere baduena». Honenbestez, txapela jarrita egindako bide hori «txalotu» nahi izan du festa batzordeak, eta, era berean, elkarteari «aurrera jarraitzeko indarra» eman nahi diote.

Martxoaren 9an, larunbatarekin, honako egitaraua antolatu dute Zizurkilgo Herrigunean:

  • 16:00. Zentroan, txapeldunen mus lehiaketa.
  • 18:00. Intxaur frontoian Bukalai dantza taldearen emanaldia.
  • 19:00. Herribiziguneren Topagunean, ate irekiak. Zatoz eta ezagutu!
  • 20:30. I. Txapel saskiratze lehiaketa plazan, eta eguraldia lagun ez bada Zimiterioan.
  • 21:00. Txapeldunen afaria Iriarte jatetxean. Amaia Agirre eta Unai Mendizabal bertsolariek girotuko dute afalostea.
    • Otsailaren 28tik aurrera afarirako txartelak salgai izango dira Iriarten, 30 euroan.

Afalostean, Ziotza pilota eskolak, iazko txapeldunak jarriko die txapela Herribiziguneko kideei eta Herribizigune izango da 2024ko jaien hasierako txupinazoa botako duena abuztuan.

Festa batzordeak dei egin die zizurkildarrei txapela jantzita egunaz gozatzera gerturatu daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!