Blues Gauaren XXI. edizioa larunbatean Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 21a, 11:59
Behi Bi Blues taldeko kideak artxiboko irudian. Argazkia: Goiena

Hiru kontzertu izango dira Atxulondo eta Egarri tabernetan, 19:00etan hasita: Jo Buddy, Behi Bi Blues eta Susan Santos.

Larunbatean, otsailaren 24an, Zizurkilgo XXI. Blues Gaua ospatuko dute. Udalaren kultura sailak antolatzen du ekimena, Atxulondo eta Egarri tabernen laguntzarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. 19:00etatik aurrera Atxulondo eta Egarri tabernetan hiru kontzertu izango dira.

  • Jo Buddy. 19:00etan Atxulondo tabernan

Jussi Raulamo Jo Buddy abeslari, gitarra jotzaile eta konpositore finlandiarrak bere sorterrian azaldutako blues musikari gehienekin jo du. Estilo pertsonala du, berezkoa. Bizi poza transmititzen du musika, aldi berean gordina, lurtarra eta espirituala, dena bat. Bere zuzeneko errepertorio malgu eta moldakorra jatorrizko abestietan oinarritzen da gehienbat. Musikaren errepidean berrogei urteko esperientzia du eta hamasei herrialdetan eskaini ditu zuzenekoak. Bere belaunaldiko rooter talentuduna da eta 56 urte dituela, sasoi betean parte hartuko du Zizurkilgo Blues Gauean.

  • Behi Bi Blues. 23:00etan Egarri tabernan

Aurrez bestelako ibilbideak zituzten bi gaztek Axkaiter Peloxek eta Gaizka Azkaratek bluesaren bidean bat egin dute gitarra, ahotsa eta aho-soinua elkartzen dituen formatu txiki eta erosoan. Jam saioen filosofiaren jarraitzaile sutsuak dira biak eta musika lagunekin partekatzea dute helburu. Bluesaren doinu malenkoniatsuari bizitasuna eransten diote, giro aparta eta irri maltzurra sortarazten dituzten letra labur gogoangarriekin. Intentzioz betetako kantuak dira, aurreiritzirik gabeak. Gustuko dituzte erritmo eta rockaren bideak.

  • Susan Santos. 23:45ean Egarri tabernan

Susan Santosek bere kasa ikasi zuen gitarra jotzen, musikarekiko zuen grinak bultzatuta. Gitarra jotzaile ezkertiar honek bere proiektua atera zuen aurrera, rock, blues, country eta beste musika batzuk uztartuz, abesti propioak eta musika ulertzeko estilo originala lortzeraino. Europan, Mexikon eta AEBn birak eginez aretoetan eta klubetan aritu da, baita jaialdietan ere. Bost disko argitaratu ditu. Susanen ahots bereziak, gitarrarako duen estilo erakargarriak, agertokian duen presentzia indartsuarekin batera, arrastoa uzten dute blues garaikidearen agertokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!