Torturaren dimentsioarekin amaitzeko neurriak hartzea eskatu dute

Leyre Carrasco 2024ko ots. 18a, 17:23

43 urte igaro dira Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra hil zenetik poliziak eragindako torturen ondorioz. Urtero bezala, Egiari Zor fundazioak deituta, gaur eguerdian egin dute hura eta giza eskubideen urraketa jasan duten biktima guztiak oroitzeko ekitaldia izen bera daraman Zizurkilgo plazan; larrosak eskaintzearekin batera, agurra dantzatu dute tortura jasan duten guztien omenezko eskultura parean.

«Oso latza izan da», halaxe deskribatu zuen Arregik torturatua izan ondoren, hil zorian zegoela, eta halaxe gogoratu du Aritz Lopez Egiari Zor fundazioko kideak gaurkoan ere. «Gure herriko agendan urteroko zita den eguna, Joxe eta bere antzera Poliziaren esku pairatutako torturen ondorioz bizia galdu zutenak gogoan izateko eta tortura bezalako giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten milaka pertsonen eskubideak defendatu eta aldarrikatzeko», adierazi du.

Egun honetan bertan, torturaren aurkako egunean, ezinbestekoa den egitasmo berri bat abian dela jakinarazi du Lopezek: «Euskal Herriko Torturatuen talde sustatzaileak Bilbon plazaratutakoa, hain zuzen. Torturatuok elkarrekin marraztu nahi dugun aitortzaren eta erreparazioaren bidean elkartu, babestu eta eragile aktibo bilakatzekoa; gure hausnarketatik abiatuta agenda, bide-orria eta aldarrikapen propioak marrazteko asmo duena». Torturatu orori deia egin zietela gehitu du, osatu asmo duten sare horretan parte hartzeko, eta Lopezek tortura pairatu zuen orori animatu dio egitasmo honen parte izateko.

Izan ere, tortura frankismotik herenegun arte euskal gatazka politikoaren testuinguruan indarrean aritu den estatu-bortxa mekanismoa izan dela esan du, «edozein izanda ere Goberuaren perfil politikoa; edozein izanda ere gorputz polizialaren kolorea edo sinatutako nazioarteko itunen edukia».

Lopezek emandako datuen arabera, Euskal Herritarren aurka eman diren 5.379 tortura-kasuk «gutxienez» badute zigilu ofiziala. «EAEn zein Nafarroan egindako txostenek argi adierazten dute sekula zigortu gabeko krimen sistematiko baten aurrean gaudela, urte luzez aurrera eraman dena Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren komisaldegietan». Espainiako Estatuan torturatuak izan ziren ipar euskal herritarrak, berriz, ikerketa hauetatik kanpo geratu direla gehitu du, baina egon badaudela eta errealitate honi ere erantzun beharra dagoela.

Neurriak

Lopezek jakinarazi bezala, «sei urte pasa dira Eusko Jaurlaritzaren aginduz Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuak torturaren inguruko ikerketa txostena egin zuenetik Euskal Autonomia Erkidegoan eta egia ofiziala ezartzeaz harago, txosten honek bitartezkoz hornitu beharreko bide orri bat marraztu zuela argi ikusi genuek». Horregatik, «inolako zalantzarik gabe» esan du txostenean agertzen den erradiografia gordinak akuilu izan behar duela torturaren eragin osoarekin amaitzeko, «eta horrek bitartekoak eta neurriak jartzea eskatzen du».

Euren ustetan torturaren dimentsioarekin bukatzeko hartu beharreko neurriak oraindik asko dira, funtsezkoa berriro gerta ez dadin eta torturatuen komunitateari zor zaion aitortza eta erreparazioa integrala eta parekidea izan dadin. «Torturatik bizirik atera garenok zeresan handia dugu gai honi buruz, eta tamalez gure gorputzetan jasan genuenok ondo dakigu torturak ez zuela soilik gure iraganean eragin; egunerokotasunean pairatzen ditugu ondorioak eta etorkizunera proiektatuko dira egoera hau eraldatzeko neurriak hartu ezean», gehitu du.

Besteak beste, ondorengo neurriak hartzeko eskatu dituzte: «Torturaren erabilera ahalbidetu duen estruktura desegin; estatu espainiarraren indar armatuak Euskal Herritik atera; parametro demokratikoetara egokitutako eredu polizialaren inguruko hausnarketa sakona bideratu; torturaren erabilera prozesala eten eta atzera begirako erabilpen horren ondorioak aztertu eta erreparatu; bizirik suertatu zirenen banakako eta taldeko konponketa integralerako baliabideak, torturaren fenomenoan logika patriarkalek eta heteronormatiboek eragindako zauriak sendatzeko berariazko programak barne; tortura kasuak ofizialki aitortzeko legezko mekanismoen prozesua azkarragoa eta eraginkorragoa izan dadin baliabideak jartzea; bortxa instituzionalaren adierazpen zital honek 14 pertsona hil zituen herri honetan, eta berariazko aitorpena eta erreparazioa eman behar zaie; eta gure errealitateak memoriaren alorreko politika publikoen parte izan behar du».

Horrez gain, uste dute beharrezkoa ere badela biktimarioek eta horiek babestu zituzten arduradun politikoek dagozkien ardurak beren gain hartzea behingoz. Izan ere, Lopezek dio, «ez alderdi politikorik, ez Gobernurik, ez Estatuko ezein Euskal erakunderik, ez du oraindik eragindako kaltea onartzeko adierazpenik egin. Baina uste dugu egiteko unea iritsi dela. Espainiako Estatuko Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari adierazpen argi bat egin dezatela eskatzen diegu, erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!