Torturaren aurkako ekitaldiak egingo dituzte Zizurkilen

Ataria 2024ko otsailaren 13a

Gaur betetzen dira 43 urte Joxe Arregi zizurkildarra torturapean hil zutela. Hitzaldiak, film emanaldiak, ekitaldi politikoak eta literatur solasaldiak antolatu dituzte egunotarako.

Gaur betetzen dira 43 urte Joxe Arregi zizurkildarra torturapean hil zutela eta ordutik Euskal Herrian gaurkoa Torturaren Aurkako Eguna da. Datozen egunetarako ekitaldiak antolatu dituzte Zizurkilen torturaren jarduera sistematikoa salatu eta estatuari erantzukizuna eskatzeko.

Egiari Zor fundazioak Arregi zena gogoan hartuta gaur salatu du 14 izan direla torturaren ondorioz hildako euskal herritarrak eta 5.379, berriz, baieztatutako tortura kasuak. "Hamarkadetan zehar eta zigorgabetasun osoz iraun duen krimena izan da tortura. Ardurak nork bere gain hartzeko unea da", esan dute fundaziotik.

Joxe Arregi zena gogoratuz Zizurkilen hainbat ekitaldi egingo dituzte egunotan:

  • Otsailak 15, osteguna
    • 19:00. Palestina: herri oso bat torturapean izeneko hitzaldia emango dute Asier Herranzek eta Thamer Birawik.
  • Otsailak 16, ostirala
    • 19:00. Herribiziguneren Topagunean La noche de 12 años filmaren inguruko zine foruma. Uruguaiko diktaduraren garaian mugimendu Tupamaroak pairatu zuen errepresioa kontatzen da ikus-entzunezkoan.
  • Otsailak 18, igandea
    • 09:00. Herriguneko plazatik mendi martxa abiatuko da. Haizetxu bordara joango dira 11:00etan.
    • 13:00. Ekitaldi politikoa egingo da Joxe Arregi plazan. Ondoren bazkaria izango da Urkamendi elkartean.
  • Otsailak 20, asteartea
    • 17:30. Oso latza izan da liburuaren solasaldia egingo dute. Oihana Iguaranek gidatuta, Xabier Mendigurenekin egingo dute solasaldia Plazida Otaño liburutegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!