Saseta defentsa sistema ezagutzeko mendi martxa egingo dute etzi

Ataria 2024ko urtarrilaren 25a

Herribizigune elkarteak antolatu du ibilaldia; 'Eskuetatik eskuetara' programaren barruan aurretik emandako hitzaldia osatzeko prestatu dute larunbateko mendi martxa

Zizurkilgo Herribizigune elkarteak mendi martxa antolatu du etzirako. Saseta Defentsa Sistema ezagutzeko irteera izango da, eta zehazki Zarateaitz azpian dauden lubakiak bisitatuko dituzte. Herrigunetik oinez haraino abiatu nahi dutenentzat 09:00etan jarri dute hitzordua. Bestela, 10:30ean Saraskate baserritik abiatuko da martxa eta ordu erdi inguruko bidea egin ondoren iritsiko dira gunera. Parte hartu nahi dutenek info@herribizigune.eus helbidean eman behar dute izena

Herribizigune elkarteak Eskuetatik eskuetara, etxeetatik plazara izeneko ekimena jarri zuen martxan iaz. Herritarren artean jakintzak elkarbanatzeko espazioa izaten da hilean behin Plazaetxeberrin dagoen Topagunean. Orain arte, trentza tailerrak, etxeko garagardoa egiten ikasteko saioak, eta collage teknikaren ingurukoak egin dituzte.

Joxin Azkue herritarrak parte hartu izan du programan eta Zizurkilgo historia orokorrari buruzko azalpenak eman izan ditu. Joan den urtarrilaren 12an, adibidez, 36ko altxamendu militarrak Zizurkilen izan zuen eraginaz jardun zuen herritarren aurrean.

Saio hartan esandakoak osatzera dator etziko mendi martxa. Karlos Almorza Aranzadi zientzia elkarteko kideak gidatuko ditu herritarrak martxa horretan.

Azkuek nabarmendu duenez, 2017an eremu horretan aritu ziren Aranzadikoak indusketak egiten. «Besteak beste, zuhaitzetan grabatuta lubakien planoak topatu zituzten. Saiatuko gara horiek bisitatzen». Goiz pasa honetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!