Aristegi parkean eta Pasus inguruan egokitzapenak egingo ditu udalak

Ataria 2024ko urtarrilaren 13a

Zizurkilgo Udalak egunotan abiatu ditu Aristegiko parkea berritzeko lanak, baita Pasus inguruan urak bideratzeko zeuden arazoak konpontzeko obrak ere.

Legealdirako plangintzan, amaitu berri den 2023 amaierarako aurreikusi ziren Aristegiko parkearen berritzea eta Pasus inguruko uren bideratzea. Bi lan ezberdin dira, baina denboran batera hasi dira, urtarrileko bigarren astean.

Pasus inguruko uren bideratzeak orain arte zeuden arazoak eragoztea du helburu. “Fraisoro ingurutik datorren ur kantitatea hartzeko arazoa zegoen lehen, eta horrek Pasus taberna parean urak gainezka egitea ekartzen zuen. Hori da bideratuko dena, bai Fraisoroko aldapan eta bai Pasus aurrean egiten ari garen lanen bidez” azaldu du Maite Amenabar alkateak.

Aristegiko parkearen berrikuntza berriz aspalditik identifikatutako beharra zen. “Lur zaharra kendu eta garbitu da eta datozen asteetan jarriko da berria, altzari, argiteri eta jolasak ere erabat berrituz. Bulandegiko inguru horri eman zaion berrituan beste urrats bat da” azaldu du alkateak.

Bi lanak aste gutxitan amaituta izatea aurreikusten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!