Pello Mari Otaño laster pantailetan

Jon Miranda Labaien 2024ko urt. 10a, 19:59

Bertsolari zizurkildarraren inguruko 'Ombuaren itzala' pelikula egiteko azken ekarpenak jasotzen ari dira auzolanean; udaberrian filmaketa egin eta udazkenean estreinatu nahi dute

Azken txanpan da Ombuaren itzala filma eta herritarren azkeneko bultzada behar du errealitate bihurtzeko. Auzolanean ari dira pelikula egiteko beharrezkoa den aurrekontua biltzen eta Patxi Bisquert (Zizurkil, 1952) ekoizleak aipatu du helburutik gertu daudela: «Itxaropentsu gaude beharrezkoa den kopuruaren %70-75 jaso dugulako. %80ra iristen garenean berme nahikoa izango dugu erakundeen laguntza jaso eta filmaketekin hasteko». Apiril inguruan hasi nahi dituzte grabazioak, udan muntaia egin ondoren filma udazkenean estreinatzeko.

Ekainean Donostiako Trinitate plazan grabatu zituzten lehenengo irudiak. Berria egunkariak jaso zuen bideoz. 1898an hirugarren aldiz Argentinara bidaiatu aurretik Pello Mari Otañori Donostiako Orfeoiak etxepean eskaini zion saioa jasotzen du sekuentziak. Ombuaren itzala filmean Joseba Usabiagak (Tolosa, 1981) egiten du bertsolari eta poetaren papera: «Erronka polita da niretzat. Ni ez nago bertso mundutik oso gertu eta horregatik da motibagarria niretzat bertsoak ikasi eta bertsolari batean azalean sartzea».

Madalen Alberdi, Otañoren emaztearen papera, Sara Cozarrek jokatuko du eta beste aktore askok ere hartuko dute parte produkzioan, besteak beste, Ramon Agirrek edota Olatz Beobidek. Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren papera, berriz, Hodei Arrastoa zizurkildarrak egingo du.

Donostian lehenengo sekuentziak grabatu ondoren, udaberritik aurrera hiru bat astez egingo dituzte grabazioak Euskal Herrian. Zizurkilen filmatuko dira sekuentzietako batzuk, baina baita Pasaian, Donostian, Utergan, Ziraukin eta Lizarran ere. Gainerako eszenak Argentinan grabatuko dira Pampan eta hango euskal etxeetan. «Onbu eder bat ere badaukagu lokalizatuta eta pelikulan beste pertsonaia bat izango da arbola bera», esan du Bisquertek, Otañok Argentinako erbestetik kantatu zuena gogoan hartuta: Nere lagunik maitatuena / onbu zaharra zu zara / hargatik nator zure kolkora ni / malkuak ixurtzera / iduriturik naramazula / atariko intxaurpera.

ASKOTARIKO GAIAK

Ombuaren itzala filmak Pello Mari Otañoren azken 20 urteak kontatuko ditu, 1890ean Euskal Herrira bigarrengoz itzuli zenetik, 1898an Argentinara bueltatu, eta 53 urterekin, 1910ean, erbestean hil zen arte. Ez nua nire borondatez / beharrak narama kantatu zuen Otañok berak ozeanoz bestaldera abiatu aurretik. Inmigrazioa bezalako gaurkotasun handiko gaia zeharka aipatuko du, beraz, filmak, baina Bisquerten esanetan pelikularen helburu nagusia bertsolari zizurkildarra ahanzturaren «zulo beltzetik» ateratzea da: «Otaño bezalako sortzaile handi bat ahaztuta daukagu. Filmak beregana inguratzeko tresna bat izan nahi du. Gaur egungo gazteek izan dezatela harengana iristeko erreferentzia minimo bat».

Zinegilearen ustetan Otañok garrantzi handia du gure historian eta bere garaian bertsotan adierazi zituenak gaurkotasun handia dute gaur egungo Euskal Herrian: «Euskal zinemagintzak ez du Otañoren garai hura gehiegi jorratu. Foruen desagertzearekin batera herri hau hankaz gora geratu ondoren berpizkunde bat gertatu zen urte gutxian. Distantziak distantzia, iruditzen zait XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako garai hori begiratzeko modukoa dela gaur egungo euskaldunentzat. Karlismoa eta liberalismoa bezalako ideia zaharkituak alboratu eta hurrengo hamarkadetan Euskal Herrian izugarrizko eragina izango zuten sozialismoa eta nazionalismo berria sortu ziren urte horietan».

EGITEKO MODU BERRIAK

Euskal Herria «paralisi» egoera batean ikusten du Bisquertek gaur egun. «Inor ofenditu gabe, baino ez aurrera eta ez atzera gabiltza. 40 urte daramatzagu oraindik ere erabat bete ez den autonomia estatutuarekin eta herri honek ez du aurrera egin».

Zinemagintzan ere ikusten ditu atzera pausoak Bisquertek: «1981ean Segoviako ihesa filma egin genuenean 200 pantaila handitan estreinatu zen pelikula. Orain, Handia edo Irati filmek, Euskal Herrian, asko jota, 50 pantaila handi izango dituzte eskura. Herri askotan ez dago zinema aretorik eta hiriburuetara jo behar izaten dute herritarrek pelikulak ikustera. Geroz eta etxekotuagoak nahi gaituzte. Nik zinema gertaera sozial gisa ulertzen dut. Pelikulak pantaila handian ikusi behar dira, ezezagunez inguratuta. Modu horretara bizi behar da esperientzia».

Bisquerten ustetan euskal zinemagintzak luzaroan iraun nahi badu bide berriak topatu behar ditu eta bide horiek urratzeko lehenengo urrats bezala ikusten du Ombuaren itzala. «Auzolanean finantzatuko da filma baina gero elkarrekin ikusiko dugu. Pelikulak 150 herritan izango ditu pantailak, 100 ikastolatan eta beste hainbeste eskola publikotan. Argentinako euskal etxeen sarearen bitartez beste 90 lekutan eskainiko dela ziurtatu digute», esan du zinemagileak.

AZKEN EKARPENAK

Bien bitartean, gutxieneko kopurura iritsi eta pelikularen filmaketarekin hasteko beharrezko finantziaziora iristeko azken bultzada beharrezkoa dela aipatu du ekoizleak. «Filma ikusteko 25.000 sarrera banatuta dauzkagu udaletxeetan, ikastoletan eta eskoletan. 10 euroan eros daitezke». Salmenta puntuen berri Pellomariotañoauzolana.eus webgunean jaso ahal izango dute interesatuek.

Gainera, ekarpen partikularrak egiteko aukera ere badago eta Bisquertek iragarri duenez laster Bizum sistema jarriko dute martxan laguntzak jasotzeko. Usabiagak herritarrak laguntza ematera animatu ditu: «Pelikula txikia da baina gutxieneko baliabide batzuk beharko dira. Niretzat oso interesgarria da baliabide horiek auzolanaren bitartez lortzea».

Gutxienekora iristen diren momentuan makinaria guztia martxan jarri eta Ombuaren itzala proiektua errealitate bihurtzen hasiko direla hitz eman du pelikularen ekoizle eta zuzendariak. Geroz eta gutxiago falta da, beraz, Joseba Usabiaga Pello Mari Otañorenean gorpuztuta Euskal Herriko pantaila handi zein txikietan ikusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!