Kirolean etenik gabe

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 16a, 19:09

Kirol Astearen barruan, 12 orduz kirolean erronka ari dira burutzen Zizurkilen.

Goizean ekin diote kirola egiteari, eta gauera arte ez dute etenik izango. 12 orduz jarraian kirola egitea da aurtengo Kirol Astearen barruan gaurko luzatu duten erronka, eta betetzeko bidean da. Herri kiroletan aritu dira goizean, eta ondoren bizikletan ibiltzeko tailerra izan dute. Volleyak hartu du lekukoa gero, kirol horretan trebatzeko aukera izan dutelarik herritarrek. Neskide taldekoen partidaz gozatzeko aukera izan da ondoren, eta Ecuavolleya ikusteko parada izango da gero, tartean Ekuadorko jakiak ere izango direlarik.

Eguneko hitzordu nagusia, berriz, gau krosa izango da. Aurten, 26. adiz egingo dute. Haurrena 22:00etan abiatuko da. Txikienek kilometro bateko ibilbidea egingo dute eta 2008-2010 urteetan jaiotakoek 2,5 kilometrokoa. Helduen lasterketa, berriz, 22:30ean abiatuko da. Horiek 7 kilometro egin beharko dituzte.

Kirola Astearen barruko ekitaldiak asteartean hasi ziren, eta hurrengo larunbatean, hilaren 23an, amaituko dira.

Egitaraua

Abenduak 17, igandea
  • 11:00. Egarri Halterofilia Torneoa. Eskola mailako teknika txapelketa. Denok Danenaren eskutik Joxe Arregi plazan.
  • 17:00. Ziotza pilota eskolako umeen partidak Intxaur frontoian.
  • Ondoren, esku pilotari afizionatuen partida: Alberdi-Erasun vs. Perurena-Aizpuru.
Abenduak 23, larunbata
  • 09:30. Bizikleta ibilbidea. Eguraldi txarrarekin ginkana. Danena Txirrindularitzaren eskutik. Benjaminak eta alebinak (LH3-6), eta infantilak eta kadeteak (DBH 1-4).
  • 11:00. Eguberrietako Halterofilia Txapelketa, Intxaur frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!