Datozen lau urteetarako plangintza azaldu dute Zizurkilen

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 14a, 07:58

Datorren legealdian burutzeko asmoa duten egitasmoak herritarrei aurkeztu dizkiete alkateak eta udal ordezkariek. 

Legealdiko egitasmo nagusietarako urtez urteko aurreikuspena aurkeztu zuen Zizurkilgo Udal Gobernuak asteartean, Atxulondo kultur etxean. Hainbat herritar bildu ziren kultur etxeko areto nagusian, eta, arloz arlo, plangintza azaldu zuten Maite Amenabar alkateak eta Udaleko zinegotziek, hain zuzen, Xabier Pellejerok, Edurne Mendizabalek, Joxe Mari Luengok, Edurne Mendizabalek, Xabat Oiartzabalek eta Arkaitz Zalduak.

Aurrez aurreko aurkezpen horren aurretik, Zizurkilgo Udalak herriko etxe guztietara banatu zuen eskuorri bat, non egitasmoen berri ematen zuen. Udaletik azaldu dutenez, hainbat elementu kontuan hartuta diseinatu dute plana: «Kanpainan agindutakoa, diru baliabideak eta teknikarien iritzia aztertuta landu dugu plana. Noski, urtez urte osatzen eta aldatzen joango den kronograma da, eta herritarrekin batera aberasten joango dena». Amenabarrek nabarmendu du «gustura» daudela saioak izan duen harrerarekin: «Ez da oso ohikoa jendea horrelako ekitaldietara etortzea. Oso gustura gaude erantzunarekin, jendea etorri zelako eta parte hartu zuelako». Alkateak gogobeteta hitz egin du eta eskerrak eman dizkie herritarrei «iniziatiba izateagatik» eta ekarpenak egiteagatik.

Datozen lau urteetarako legealdi planak jasotzen ditu Udalaren «proiektu nagusiak», hots, «diru baliabide handiak» eskatzen dituztenak eta haientzat «lehentasun» direnak.

Hirigintza
Alor honetan hainbat egitasmo ditu esku artean Zizurkilgo Udalak, baina azaldu dutenez, Bulandegiko bidea berritzea da «zutabe nagusietako bat». Irisgarritasuna hobetzea eta herritarrentzat erosoagoa egitea dituzte helburu, eta legealdi honetan bi fase gehiago egitea aurreikusten dute. 

Horrez gain, saihesbidea egiteko eskaerak ere «berebiziko garrantzia» du udal gobernuarentzat. Aurreko legealdian abiadura neurtzeko gailuak jarri zituzten eta horien bitartez jakin dute astegunetan 13.000 ibilgailu pasatzen direla herrigunetik. Asteasuko industriagunera joateko beharrezkoa da Zizurkiletik pasatzea, eta horrek eragiten du, besteak beste, trafikoa handitzea. Gaia lantzeko urtarrilean bilduko dira Foru Aldundiarekin Asteasuko eta Zizurkilgo alkateak eta Zizurkilgo teknikariak. Amenabarren hitzetan «ezinbestekoa» da saihesbidea herritarren segurtasuna bermatzeko: «Bilera horretara joango gara gure proiektuarekin, kexekin eta errealitatea ulertarazteko baliabide guztiekin».

Plazaetxeberri eraikinari dagokionez, zati bat konpontzea izango omen da 2025eko egitasmo nagusia. Europar funtsak baliatu nahi dituzte horretarako, eta helburu dute eraikina «herritarrentzat moldatzea» Herribizigune taldearekin elkarlanean.

Baserrien banaketa da Udalaren beste lan lerro bat. Zenbait baserritako bizilagunen eskaerei erantzuten die, eta araudia aldatu behar omen da banaketak egiteko. Udaletik azaldu dute «bide luzea» izango dela.

Kirola
Duela urte batzuk hasi zen Zizurkilen kirol gunea izateko prozesua. Kontatu dutenez, herriko halterofilia taldeari eta gainerako kirol taldeei «toki duin bat» eskaintzea da helburua eta, aldi berean, irekia izatea herritarrek ere erabiltzeko. Foru Aldundia halterofiliaren inguruko plan estrategikoa lantzen ari da eta Zizurkilgo Udala harremanetan dago haiekin. Udalaren asmoa da 2025erako kirol gunearen proiektua prest izatea, eta herriko eragileekin batera egin nahi dute. Alkateak nabarmendu du ez dela «kiroldegi erraldoi» bat izango: «Zerbait xumeagoa izango da. Erabilera anitzeko espazioak izango ditu, eta herritarren beharrei erantzungo die».

Feminismoa eta euskara
Udal gobernutik adierazi dute «erabaki guztietan» hartzen dituztela kontuan ikuspuntu feminista eta hizkuntza ikuspuntua: «Gure oinarriak dira, eta horietan sakonduko dugu, erasoak eraso». Bide beretik, gogorarazi dute indarkeria matxistaren inguruko protokoloa onartuta dagoela Zizurkilen, udalerria UEMAko kide dela eta baita Tolosaldeko Euskararen Mahaiko kide ere; dena dela, bi arloak «lantzen eta indartzen jarraitzeko beharra» nabarmendu dute.

Zaintza
Esparru honetan aipatu dute hausnarketa egin behar dutela zaintzaren eta hori kudeatzeko dituzten baliabideen inguruan. Hari berari tiraka, azaldu dute Zizurkilen Aiztondo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatzen dituela gizarte zerbitzuak, eta horrek bideratuko lukeela zaintzen inguruko hausnarketa ere.

Aipatutakoez gain, beste hainbat lan eta egitasmoa landuko dituztela ere azaldu dute. Horietako batzuk aurkezpenean aipatu zituzten: ur zikinen bideratzea lantzea, herriguneko transformagailua, Atxulondo eraikinaren azterketa energetikoa, merkatariekin biltzea, liburutegi alboko etxabea birmoldatzea, parkeen eraberritzea, herri-bideen konponketa eta gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!