Gabonetako atarikoa Zizurkilen

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko abenduaren 2a

Joxe Arregi plaza Gabonetarako prestatu dute gaurkoan. Batik bat, Gabonei begirako erosketak egiteko aukera egon da Zizurkilgo plazako postuetan.

Eguberrietako azoka berezian, 10:00etan hasita, bailarako artisauak eta janari postuak bildu dira. Eguraldiak, lehen orduan bederen, ez die gehiegi lagundu saltzaileei. «Eguraldiari erreparatuta, martxa handirik ez dugu espero», zioten saltzaileek.

Hogei bat postu kokatu dira herriko plazan. Produktuak denetarikoak. Esaterako, Eguberriei begira, mahaiak hornitzekoak baziren: kontserbak, pateak, likoreak, eztiak, eta ezin falta, gozagarriak ere, txokolatea eguberri itxuraz izan da eguneko postre proposamena.

Norberak bere burua apaintzeko produktuak ere topatu ahal izan ditu bisitariak. Adibidez, poltsak, belarritakoak, zein ilerako zintak. Norbere burua ondo egoteaz ari garela, ezin osasuna albo batera utzi, eta tankera guztietako kremak salgai zeuden -intsusa, kalendula, ultzerak sendatzekoak, desodoranteak...-.

Herriko eragileak hitzordua baliatu dute euren ekimenak ezagutzera emateko eta euren produktuak salgai jartzeko. Horren adibide, Bukalai dantza taldea. Beste adibide bat eskolako ikasleek aurkeztu dutena, DBH 4. mailako ikasleak pintxoak saltzen egon dira Saloura joateko, ikas-bidaiarako dirua eskuratuz.

Herrian bizi diren kultur ezberdinetara gerturatzeko balio izan du gaurko zitak. Arabiar pastelak probatu eta hennarekin azala margotzeko aukera egon da gaurkoan Zizurkilgo Eguberrietako azoka berezian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!