Gabonetako Azoka Berezia egingo dute larunbatean

Ataria 2023ko azaroaren 29a

Joxe Arregi plazan 10:00etatik 14:00etara jarriko dituzte postuak; Gazteluzok I. Postre Gozo lehiaketa antolatu du larunbaterako.

Zizurkilgo Udalak Gabonetako Azoka Berezia antolatu du larunbatean, abenduaren 2an, Joxe Arregi plazan. Bailarako artisauak eta janari postuak egongo dira bertan, 10:00etatik 14:00etara. Mota guztietako postuak egongo dira: gozoak, pateak, eztiak, bonboiak, txakolina, egutegiak, euskal panpinak, motxilak, xaboiak, krema eta ukenduak, umeentzako jostailuak eta bitxiak, besteak bestek.

I. Postre Gozo lehiaketa ere antolatu dute azokarekin batera Zizurkilgo Gaztezulotik. Hiru kategoriatan parte hartu ahal izango dute gaztetxoek: 9-12 urte artekoak; 13 eta 17 urte artekoak; eta 18 urtetik gorakoak. Lehiaketan izen ematea egunean bertan egingo dute, eta partaideak erabilitako errezeta aurkeztu beharko du. Irabazleentzat sariak egongo dira. Postreak 11:00etatik 12:00etara bitartean utzi beharko dira Joxe Arregi plazan.

Familientzako ikuskizuna

Larunbat arratsaldean Tolosaldea Garatzenetik antolatu dituzten ekitaldien barruan familia osoarentzat Bueltaka ikuskizuna egongo da Atxulondo kultur etxean. Giza eskubideen nazioarteko egunaren eta pertsona migratuen nazioarteko egunaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte Tolosaldea Garatzenetik. 7 urtetik aurrerako gaztetxoek parte hartu ahal izango dute Behibi's teatro taldearen emankizunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!