Harri handien Gipuzkoako txapela jokoan, Zizurkilen

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 16a, 08:18

Jon Unanue, iazko txapelketan.

Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa izango da jokoan larunbat honetan, Zizurkilen. Sei harri jasotzailek parte hartuko dute Intxaur pilotalekuan egingo den saioan, 18:00etan hasita.

Xabier Aranburu, Aimar Galarraga, Gari Garmendia, Imanol Royo, Jon Unanu eta Julen Diaz izango dira larunbatean Zizurkilen, Harri Handien Gipuzkoako Txapelketan.  Diaz arabarra da eta gonbidatu bezala ariko da parte hartzen. Sarrera doan izango da. 

Lau harrirekin aritu beharko dute kirolariek: 200/175 kiloko laukizuzena, 200/175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Harri bakoitzarekin 2 minutuko saio bana egingo dute harri jasotzaileek. Guztira kilo gehien jasotzen duenak irabaziko du. 
Aurtengoan ez da lehian ariko Jokin Eizmendi iazko txapelduna, lesionatuta baitago. Berez bigarren geratu zen zarauztarra, baina txapela jantzi zuen Urdax Magunazelaiak dopinarengatik zigortua izan zen, eta Eizmendirentzat izan zen azkenean iazko txapelketa. Beraz, oso lehia ederra izatea espero da larunbat arratsaldean Zizurkilen, ez baitago aurtengorako faborito nagusirik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!