«Bulandegi bidearen egokitzapena behar beharrezko proiektua da»

Jon Miranda Labaien 2023ko aza. 9a, 07:58

Maite Amenabar alkatea legealdiko plangintza orokor bat lantzen ari da taldekideekin batera, lau urteotan egingo diren proiektuen artean lehentasunak markatzeko.

Zortzi urte eman ditu zinegotzi gisa eta ekainetik Zizurkilgo alkatea da Maite Amenabar Alkorta (Azpeitia, 1977). Dio "oso ezberdin" ikusten direla gauzak toki batean edo bestean, eta aitortu du alkate kargutik herriaren ikuspegi zabalagoa duela. Olatuak ez dio gain hartu ordea eta lan berriari tamaina hartzen ari zaio.

Boto kopuruan behera egin zuen EH Bilduk azkeneko udal hauteskundeetan. Nola baloratzen dituzu emaitzak?

Aurreko urteetako emaitzekin alderatuta parte hartze txikiagoa eta guk jasotako babesa ere txikiagoa izan da, beraz, lau urteotan lan egingo dugu herritarren konfiantza berreskuratzeko. Dena den, balorazio positiboa egiten dugu gehiengoa atera genuelako. EH Bilduren udal taldean elkarren artean konfiantza handia daukagu eta talde sendoa egin dugula iruditzen zait, konpromiso handikoa. Niri izugarrizko babesa ematen dit kideak hor daudela jakiteak. Banatu ditugu ardurak dagoeneko eta ni jardun osoan egongo naiz liberatuta eta Joxe Mari Luengok, berriz, %75eko liberazioa izango du agintaldiko lehen partean. Gu lanerako etorri gara eta oposizioko kideekin ere lankidetzan jardun nahi dugu.

Alkate izateaz gainera, hirigintza, euskara, gazteria eta gizarte zerbitzuen ardurak izango dituzu udal gobernuan.

Bai. Hirigintzaren ardura hartzea niretzako erronka handia izan da, baina oso garbi nuen arlo hori hartu nahi nuela. Probatzeko gogoa nuen. Asko xurgatzen duen sail bat da eta ordu asko eskaini behar zaizkio. Uste dut hirigintza bezalako gaiei ere beste modu batetara begiratzen ikasi behar dugula eta beste sail horien ardura izateak begirada hori zentratzen, oreka mantentzen eta hirigintzako gaiak erlatibizatzen laguntzen didala. Gure udal taldearentzat gizarte zerbitzuetakoa, euskara edota parekidetasuna ez dira aparteko gaiak, politika guztiak zipriztindu behar dituzten zehar lerroak baizik. 

Bulandegi bidearen egokitzapena abiatu zenuten aurreko agintaldian. Lan horiekin jarraituko duzue?

Bai, behar beharrezko proiektua da. Irisgarritasuna hobetu eta oinezkoentzako segurtasuna irabazi nahi dugu eremu horretan. Gaur egun, oztopo arkitektoniko ugari dago eta espaloiek ez dituzte beharrezko baldintzak betetzen. Aurreko agintaldian lehenengo fase bat egin genuen eta beste bizpahiru dauzkagu aurreikusita. Indar handienak, ekonomikoki behintzat, horretan jarriko ditugu. Hurrengo lanak Pedro Mari Otaño eskola aurreko eremuan hasi, Maria Brizardeko inguru horretatik pasaz, Altzatenea etxe pareraino egingo ditugu. Datorren urtean hasteko asmoa dugu.

Egokitzapen lan horiek egiteak esan nahi du saihesbidea egiteko eskakizuna albo batera uzten duzuela?

Ez dugu eskaera hori alboratuko. Azaroan bilera bat dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gai horri buruz hitz egiteko eta Bulandegi bideko lanak finantzatzeko diru laguntza eskatzeko. Lan horiek izugarrizko aurrekontua dute, bi milioi euroko ingurukoa. Aldundiko arduradunek aitzakia bezala jarri dezakete saihesbidearen kostua, baina hori egin bitartean, ondorioak guk pairatzen ditugu eta herritarren ongizatea bermatzeko lanak egitera behartuta gaude. Obra horrek ere bere kostua du eta hori ulertu eta kontuan hartu behar dute aldunditik.

Aurreko agintaldian adierazi zenuten kirol gune baten beharra zegoela herrian. Lau urteotan proiektu hori gauzatuko duzue?

Udal ardurak hartu ditugunetik kirol gune horrentzat espazio bat bilatzea izan da helburu nagusienetako bat. Herriko kirol elkarte ezberdinei leku bat eskaini nahi genieke. Guretzat inportantea da halterofiliari toki bat egitea, kirol horrekin Zizurkilek lorpen handiak eskuratu dituelako. Herrian sortu zen taldea eta bertan egon nahi dute etorkizunean ere eta gure ahaleginak egingo ditugu Zizurkilen gera daitezen. Eta kirol horrekin batera tokia egin nahi diegu beste kirolei, futbola, txirrindularitza, atletismoa, boleibola eta beste hainbat kirol ikastarori. Non egingo dugun? Gaur gaurkoz udalak ez du espaziorik. Behar horiei erantzun egokia emateko toki bila aritu gara eta erosteko lokalak begiratzen aritu gara; bizpahiru dauzkagu begiz jota. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere hitz egin nahi dugu gai honen inguruan. Argi utzi nahi dugu ez dugula kiroldegi bat egingo, hori ez da gure asmoa, baina elkarte hauentzako balio duen espazio bat bermatu nahi dugu, entrenatzeko tokiarekin, bulego batzuekin, dutxa batzuekin... 

Herrigunean Plazaetxeberri eraikina erosi zuen udalak. Nola hornitu nahi duzue espazio hori?

Oso proiektu garrantzitsua da guretzat, 2025era bitartean osotasunean landu nahi duguna. Eraikina berritu eta egokitu beharko dugu eta horrek aurrekontu handia eskatuko digu. Zorionez udalaren kontuak osasuntsu daude eta horrelako erronkei aurre egiteko moduan gaude. Gainera, Next Generation diru laguntzei esker 100.000 euro jaso ditugu eraikinean Saseta Defentsa Sistemaren interpretazio zentro bat egokitzeko. Horren aurretik, eraikinari hobekuntza batzuk egin behar zaizkio: igogailua jarri, zoruak indartu, teilatua aldatu... Herribizigunek antolatutako parte hartze prozesuaren ondorioak kontuan hartuko ditugu eraikina hornitzerako garaian eta esan dezakegu herritarren erabilera anitzerako gune bat izango dela. Orain Iriarte kultur etxean dauden zerbitzuak bertara pasako ditugu.

Azpiegitura gehiagoren falta sumatzen duzue herrian?

Gaur egun dauzkagun eraikinak kontuan hartu behar ditugu eta azterketa sakona egin. Atxulondo kultur etxeari, adibidez, erabilera handia ematen zaio, baina zaharkitua geratu zaigu. Ez ditu baldintza energetikoak betetzen. Eraikin horren azterketa energetikoa egin nahi dugu.

Energia arloan bestelako pausorik emango al duzue?

Aurreko agintaldian eguzki plakak jarri genituen San Millan eskolan, Iriarte kultur etxeko teilatuan, Otaño eskolan eta Zubimusu ikastolan. Asmoa toki gehiagotan jartzea da. Guk tokiko komunitate energetikoen proiektuarekin jarraituko dugu. Bestalde, hondakinen bilketa zerbitzua ere berrikusi nahi genuke legealdi honetan.

Ezkeltzun parke eoliko bat eraikitzeko proiektua egon badago. Udalean jaso al duzue proiektu horren berririk?

Udalean ez dute ez proiekturik ez ezer aurkeztu. Ez dakigu ezer. Urtarrilaz geroztik ez dugu informazio gehiago jaso. Badakigu proiektu bat aurkeztu dutela Eusko Jaurlaritzan, baina ez dut uste osatuta dagoenik. Guretzako mamu bat da proiektu hori, baina jakinarazpenik ez dugu jaso. Badakigu gai hau edozein momentutan azalduko zaigula mahai gainean.

Etxebizitza berriak egiteko proiektuak sustatuko al ditu udalak?

Gaur gaurkoz dauzkagun proiektuak partikularrak dira. Lau urteotan bat baino gehiago jarriko direla martxan. Herrigunean Etxemaiten etxebizitzak egiten hasita daude eta Plazaetxeberri eremuan ere badago interes pribatu bat etxebizitzak egiteko. Elbarrenan, berriz, beste bi proiektu daude aurreratu xamarrak: bat Aurrera taberna zeneko eraikina zegoen tokian; eta bestea Zubiondoko eremuan. Konturatzen gara etxebizitza beharra badagoela herrian eta udaletik ez diegu oztoporik jarriko etxebizitzak egiteko ekimen pribatuei.

Arau aldaketak egingo dituzue lur batzuk eraikigarriak izan daitezen?

Gaur gaurkoz udalak ez du lurrik eraiki ahal izateko. Hamar urte dira Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu zela eta errealitateak erakusten digu birpentsatu egin behar dela. Eremu asko oso baldintzatuta daude uholde arriskuko lurrak direlako eta Eusko Jaurlaritzak uko egiten dio gai horri epe motzean heltzeari. Aldaketa partzialak egiten ari gara, baina muga handiak dauzkagu. Ez dakit lau urteotan planaren berrikuspenari ekiteko moduan egongo garen. Bien bitartean alternatibak pentsatu behar ditugu, eta adibidez gazteak bertan geratu daitezen, Herrigune inguruan dauden baserrien egoera aztertu nahi genuke. Eraikin bakarrean etxebizitza bat baino gehiago egiteko aukera emateko zein arau aldaketa egin daitekeen aztertzeko konpromisoa hartu dugu.

Aurretik ere esana duzue euskara eta parekidetasuna izango direla zuen gida lerroa.

Bai eta horrekin batera gizarte zerbitzuak. Herriko zaintza sistemaren diagnostiko bat egiteko asmoa dugu eta horretarako diru sail bat gordeko dugu datorren urteko aurrekontuan. Herrian dugun babestutako pisuari iruditzen zait buelta bat eman behar zaiola. Bost plaza daude eta bi baino ez daude beteta. Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitateko kide gara eta gaur gaurkoz etxez etxeko zerbitzua da partekatzen duguna Aduna, Larraul eta Alkizarekin batera. Zentzu horretan herritarren ongizatea bermatzeko, parekidetasuna eta euskara presente eduki behar ditugula iruditzen zaigu. Gai horiek gure politiketan txertatu behar ditugu, erabaki bakoitzean eta hori eginez gero ikuspegi jantziagoa izango dugula iruditzen zait. Herria handitzen doa eta handitzearekin batera, zerbitzuak ere egokitu egin behar dira, ez bakarrik zerbitzu materialak, baita zaintza arloarekin edo euskararekin lotutakoak ere.

Zer esango zenieke herritarrei?

Pazientzia edukitzeko gurekin. Hona sartzen garenean oso garbi edukitzen dugu zer egin nahi dugun, baina gero egunerokotasunak jan egiten ditu asmo horietako asko. Gure helburuak eta lehentasunak argi edukita ez gaitzala administrazioaren jardun horrek irentsi eta ez gaitezen galdu zurruntasun horretan. Hona herritar asko etortzen dira euren eskaerak bideratzea eta denei egiten diegu kasu. Oso eroso sentitzen naiz herritarrekin eta ez dut momentu desatseginik eduki oraingoz. Ni herritarra ere banaiz eta ulertzen ditut euren kexak. Askotan handitasunera jotzen dugu, baina ez dugu perspektiba galdu behar eta puskatuta dagoen baldosa hori konpontzeko gai izan behar dugu. Gure helburua herria txukun mantentzea da eta herriari bizia ematea. Gu hemen eskaera horiek bideratzeko gaude eta lehenbailehen soluzio bat ematen saiatzeko. Askotan ez da posible izaten baina herritarrak senti dezala behintzat bere kexa entzun dela. Nahiko nuke transmititu gertutasun hori herritarrekin eta jakin dezatela lanerako gaudela.

 

Erlazionatuak

Maite Amenabar, Zizurkilgo alkatea

Jon Miranda Labaien 2023 aza 09 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!