ELKARRIZKETA

«Praktika eskatzen duen trebetasuna da eskulana, eta konstantzia handia»

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 20a, 07:59

Dario Arteta Alba. J. MIRANDA

Eskulanetarako abilidadea betidanik izan du Dario Arteta Albak (Barranquilla, Kolonbia, 1967) eta orain poltsak eta motxilak eskuz egiten ditu birziklatutako materialarekin. Azokaz azoka ibiltzen da artisau erara egindako lanak salduz.

Pintura eta zaharberritzea atsegin ditu, baina josteko antigoaleko Singer makina bat eskuratu zuenetik, motxilak eta poltsak egiten ditu.

Noiz eta nola iritsi zinen Euskal Herrira?

20 urte baino gehiago daramatzat Euskal Herrian. 2002. urtean iritsi nintzen eta nire migrazio proiektuaren arrazoia formazioa izan zen. Kolonbiako unibertsitate batean Psikologiaren arloan egiten nuen lan ikerketa talde batean. Espainiako kooperazio erakunde batek zientzia, teknologia eta gizarteari buruzko katedra bat antolatu zuen nire herrialdean eta parte hartu nuen. Gai horretan sakontzeko asmoarekin, doktoretza egitera etorri nintzen EHUra. Tesia prestatu nuen eta cum laude balorazioa jaso nuen. Gaur egun, Barranquillako Universidad Metropolitana izenekoan egiten dut lan irakasle bezala, modu birtualean.



Eta nola bukatu zenuen Zizurkilen?

Amaran urtebetez bizi izan nintzen eta gero Oiartzunen. Tarte horretan, dependentzia duten pertsonekin lan egiteko proiektu batean parte hartu nuen unibertsitateko jardunarekin jarraitzeko aukera ematen zidalako lan horrek. Udan Elkartu Desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde aritzen den elkartekoekin aritzen nintzen. Bidaiak antolatzen genituen eta desgaitasun fisikoa zuten pertsonen begirale gisa joaten nintzen. Bidaia horietako batean ezagutu nuen nire emaztea izango zena. Zizurkildarra da eta maitasunak ekarri ninduen txoko honetara. 15 urteko seme bat dugu.



Noiztik datorkizu eskulanetarako joera?

Niretzat afizio bat da. Gaztetan hasi nintzen marrazten. Aurrena koloretako lapitzekin eta gero akuarelarekin egiten nituen koadroak. Modu autodidaktan aritzen nintzen. Esango nuke motrizitate fina oso garatua izan dudala txikitatik. Abilidadea badut eta gaur egun jardun honek deskonektatzeko aukera ematen dit. Pasio handiz bizi dut eta nire sormena bideratzen laguntzen dit. Oso gustukoa dut.

Ikasitakoa da edo berezkoa?

Hazten goazen heinean motrizitatea garatzen joaten da. Praktika eskatzen duen trebetasuna da eskulana, konstantzia handia behar da horretan aritzeko. Askotan saiatu behar da, eta ez konformatu aldi bakarrarekin.

Pinturatik joskintzara nola egin zenuen salto?

Hona bizitzera etorri nintzenean, paisaiak eta baserriak eta horrelakoak marrazten nituen. Inoiz gonbidatu izan zidaten lan hauek erakusteko inguruko azoketara. Ez nituen koadro asko saltzen. Oraindik ere jarraitzen dut pintatzen, baina niretzako gordetzen ditut lan horiek. Eskulanetan aritzea gustuko dut. Ez bakarrik margolaritzan, altzari zaharrak zaharberritzen ere aritzen naiz eta afizio horrek bultzatuta Ahetzen (Lapurdi) izaten den azoka batera joan izan naiz maiz. Han, behin josteko Singer makina industrial bat ikusi nuen eta erakusgai zuen emakumeak oparitu egingo zidala esan zidan. Kasualitatez emakume hura Ibarrakoa zen eta tratua egin genuen. Hari interesatzen zitzaion bakarra josteko makinari eusteko mahaiak zituen burdinazko hankak ziren. Nik josteko makina hartu eta hanka berriak jarri nizkion. Orduan hasi nintzen joskintza probatzen.

Inork erakutsi al zizun josten?

Ez. Nire kabuz ikasi nuen, YouTube-n bideoak ikusita. Ezagutza hori irisgarriagoa da gaur egun teknologia berriei esker. Ikasten ez duenak, ikasi nahi ez duelako da, hor baitago guztia. Zalantzaren bat badut, kontsultatzen dut jostunekin, azoketan topatu eta esperientzia handia dutenekin. Hasieran kosta egin zitzaidan erritmoa hartzea, josteko makinak pedalen bidez funtzionatzen baitu. Erritmo egokia ematen ez badiozu, atzekoz aurrera josten du makinak. Eman eta eman, praktikatu ondoren ikasi nuen azkenerako txukun josten.

Altxor handia daukazu etxean, beraz.

Bai. Horrekin jarraitzen dut, nahiz eta ehun urte baino gehiago izan. Puntada izugarria du. Baditut beste lauzpabost josteko makina zahar. Horiek antzinako altzarien azokatan eskuratu izan ditut. Ez ditut ia erabiltzen, makina horien piezaren bat hautsiko balitz oso zaila izango litzatekeelako ordezkatzea. Horrelakoen bildumazalea naiz.

Hasieratik egin zenituen poltsak eta motxilak?

Geroxeago etorri zen hori. Kontua da 2017an Zizurkilen Atxulondoko burdinolaren historian oinarrituta, Herriola izeneko ekimena gauzatu zela herrian, Erdi Aroko garaia irudikatuz. Beste hainbat herritarrekin batera parte hartu nuen nik antzezle gisa, eta orduan jabetu nintzen dekoraziorako erabilitako oihal asko zakarretara botatzekoak zirela. Nik jaso ote nitzakeen galdetu nien antolatzaileei eta baiezkoa erantzun zidaten. Han jasotako oihalekin emazteari poltsa bat egin nion. Haren lanekoei emaztearena gustatu eta haiei ere egingo ote nien galdetu zidaten. Horrelaxe hasi nintzen.



Zein material erabiltzen duzu horretarako?

Beti berrerabiltzen ditut oihalak. Oparitutakoak dira lehengaiak, material gutxi erosten dut. Ezagun baten ezagunak tapiztegi bat du eta soberakinak ekartzen dizkit nik horiekin poltsak egin ditzadan. Birziklatu eta bizitza berria eman nahi izaten diet material horiei guztiei. Jende asko etortzen zait, esate baterako, poltsa zaharrak botako dituela eta burdineria eta bestelako apaingarriak ekarriz. Berez, horrelakoak erosi beharko banitu oso garesti aterako litzaidake afizio hau.

Nolakoa da zure lan egiteko prozesua?

Motxila bakoitza bakarra da. Ez daukat sistema berezirik. Momentuan moztu eta neurtzen dut. Bata bestearengandik diferenteak dira eta ahalik eta aukera zabalena ematen saiatzen naiz. Egun bakarrean bost motxila ezberdin egin ditzaket. Nire lan profesionalak uzten dizkidan tarteak baliatzen ditut bestelako lan hauetarako. Udaberri aldera, azokak antolatzen hasten diren garaian ahalegin berezia egiten dut produkzioa handitzeko.

Zer-nolako poltsak eta motxilak prestatzen dituzu?

Sokekin egiten diren motxila horietakoak oso modan jarri ziren eta horrelakoak egiten hasi nintzen. Motxilak pisu handia hartzen duenean, besaburuan sokek min egin dezaketela ikusita, bestelako materiala erabiltzen hasi naiz orain, uhal zabalagoa sokaren partez. Tote bag delakoak ere egiten ditut eta euskal motiboekin dekoratzen ditut. Horretarako Villabonako Titare dendara eramaten ditut poltsak ikur horiek brodatu ditzaten. Gehienak eguzki loreak izaten dira eta ondo saltzen dira. Judas poltsak ere egiten ditut, larruz egindakoak, txanponetarako eta bestelako gauzetarako baliagarriak izaten diren horietakoak.

Modak asko aldatzen al dira?

Aldatzen joaten dira eta nik ere nire lanak jendearen eskakizunen arabera aldatzen ditut. Materialak egokitzen ditut. Orain, adibidez, asko erabiltzen da 3D oihala. Oso arina da eta ukimen berezia du. Formak ere moldatu egiten ditut eta asmakizun berriak eransten ditut poltsetan, poltsikoak, kremailerak, giltzak ez galtzeko giltzatakoa edo iruditzen zaizkidan bestelakoak. Kolorea ere aldatzen joaten da, nahiz eta nire erosle potentziala oso neurritsua izaten den eta ez zaizkion atsegin kolore oso biziak. Euskaldunek nahiago dituzte horrelako kolore arreak, grisak, beltza, marroixkak; horrelakoak erabiltzen ditut, ez oso kolore eskandalagarriak.

 

«Nire erosle potentziala oso neurritsua izaten da, ez zaizkio kolore oso biziak atsegin»



Non saltzen dituzu zure eskulanak?

Azoketan. Behin poltsa eta motxilekin hasi nintzenean, pinturak alde batera utzi eta horrelako materiala saltzen hasi nintzen, eta berehala jabetu nintzen jendeak gustuko dituela. Aurrekoan Zizurkilgo Azoka Berezian izan nintzen, eta orain azaroan Amezketakora joango naiz. Gero Mutiloan egongo naiz, eta urtea amaitzerako, Eguberrien testuinguruan abendua hasieran antolatuko duten artisau azokan ere parte hartuko dut herrian, Zizurkilen. Jendeak oso gustuko ditu horrelako azokak eta ni ere saiatzen naiz postua txukun aurkezten. Askotan jartzen ditut zaharkinak erakusmahaia dekoratzeko.

Uste duzu jendeak baloratzen duela eskuz egindako lana?

Bai, nire esperientziaren arabera bai. Publikoak erantzun ona izaten du eta fidelizatutako erosleak ere baditut. Nik satisfazio handia sentitzen dut, azkeneko produktua bukatutzat ematen dudanean eta jendearen gustukoa dela ikusten dudanean. Berehala antzematen da zeinek erosiko dizun eta zeinek ez. Erosteko asmorik ez duenak aitzakia mordoa jarriko dizu eta konbentzituta dagoenak, zure lana baloratzen duenak, zein aukera duzun ikusi eta segituan esango dizu zer nahi duen. Nik, dena den, ez ditut nire poltsa eta motxilak garesti saltzen, lehengai gehiena oparitua da eta beraz ez dut kostu hori azkeneko prezioan islatzen.

 

Dario Arteta Alba

Telefonoa. 662 022 545.

Instagram. arteta_handmadebags

Posta elektronikoa. darteta08@hotmail.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!