ELKARRIZKETA

«Fikziorik gabeko lan bat da, nobelista baten libertatearekin kontatua»

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 17a, 07:59

Joxe Arregi bera, Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi ardatz hartuta, torturaren sinbolo bihurtu diren argazkien atzean dagoen istorioa kontatu du bere azken lanean.

1981ean Joxe Arregi zizurkildarraren hilotza hilobitik atera, eta haren gorpu torturatuari argazkiak ateratzeko hainbat lagunek egin zuten plana oinarri hartuta idatzi du Oso latza izan da nobela laburra Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, 1964). Orain herriz herri ari da liburua aurkezten eta lehenengotariko geldialdia Zizurkilen egin du.

Zergatik berreskuratu nahi izan duzu 1981eko istorio hau?

Buruan iltzatuta eduki dut urte askotan gertakari hori. Ez bakarrik argazkiak ateratzearena, baizik eta Joxe Arregiren heriotza eta aste haietan izan ziren gertakariak. Segida batean bezala etorri ziren denak eta liburuan iradokitzen dut, gertakari guztien artean sortu zutela horrelako eskema berezi bat, ikuspegi bat, hainbat urtetan iraungo zuena.

Zuretzako ere, indar handia dute Joxeren hilotzari ateratako erretratu haiek?

Bai. Euskal Herrian milaka torturatu egon dira. Askotan ofizialtasunetik esaten zaigu herrialde demokratiko batean bizi garela eta torturak salbuespentzat hartu behar direla. Ez da egia. Tortura, zoritxarrez, praktika sistematiko bat izan da. Salbuespenak izan direnak, batzuetan agerian geratu diren tortura kasuak izan dira. Horietako bat da Joxe Arregirena. Oso nabarmen geratu da, hil zelako, argazkiak atera zizkiotelako eta hil baino lehentxeago ospitale penitentziarioan egon ziren hiru lagunek gutun bat idatzi zutelako gertatzen ari zena kontatuz. Guzti horrek egiten du berezi Joxeren kasua. Esan daiteke torturatu guztien sinbolo bihurtu dela.

Istorio hau kontatzeko gogoa bazenuela bai, baina argi zenuen hasieratik hiru erpin izango zituela?

Hori, egia esan, ez neukan hasieratik buruan. Arregiren heriotza aipatzen dugunean, hura dugu gogoan, eta hari egin zizkioten argazkiak. Pentsatu izan dugu argazki horiek norbaitek anonimoki egin zituela Madrilen, kontzientzia txarreko forentseren batek edo, eta hark bidali zituela gero komunikabideetara. 2009an, ordea, jakin genuen Juan Kruz Unzurrunzagak esanda, Bixente Ameztoi eta biak izan zirela argazki horiek egin zituztenak. Unzurrunzaga eta Ameztoiren bizitzak nolakoak ziren pixka bat ezagututa, izugarrizko kontrastea egiten zutela iruditu zitzaidan, elkarren artean, eta, biak aldi berean, baita Joxe Arregirekin ere. Pertsonalitate guztiz diferenteak eta kontatzeko modukoak zirela pentsatu nuen.

Egiazko gertakari batzuk daude kontakizunaren atzean. Literatura non eta zertarako baliatu duzu?

Esan daiteke dela fikziorik gabeko nobela bat, edo kronika bat, ez kazetari batek edo historialari batek idatziko lukeen hoztasunarekin, baizik eta nobelista baten libertatearekin. Ez dut fikziorik sartu; nahita egin dut hori, gertaerak bazirelako nahikoa lazgarriak eta iruditu zitzaidalako ez zuela apaintzen ibiltzeak merezi.

Oso nobelagarriak dira pertsonaiak?

Bai. Ameztoik berak ere ematen du nobela baterako eta Unzurrunzagak berdin. Egia esan, nobela idazten hasi nintzenean bakarrik nekien Unzurrunzagak deklaratutako hori, Ameztoi eta biak ibili zirela argazkiak ateratzen. Baina gero hasi naiz elkarrizketak egiten eta arakatzen eta jakin dut, ez zirela bi pertsona bakarrik izan, zortzi zirela guztira Joxeren hilotza hilobitik atera zutenak. Zortzi horietako hiru hilda daude, beste hiru elkarrizketatu ditut eta beste bi ezin izan dut jakin nor ziren. Liburua argitaratu zen momentuan esan nuen, 'beharbada bi horiek azalduko dira liburu honi esker'. Bada esan dezaket, aurreko astean hots egin didatela bietako baten arrastoa emateko.

Medikua edo argazkilaria.

Bietako bat, bai. Ez dut oraingoz gehiago aurreratuko. Agian, liburuak bigarren edizio bat badu, eranskin batean kontatuko dut parte hori ere.

Zeinena izan zen kanposantura joan eta hilotza ateratzearen ideia?

Hor nire hipotesia botatzen dut. Unzurrunzagak dio bere ideia izan zela. Ameztoiren alargunak, Virginia Montenegrok esan dit ideia Antton Bengoetxearena izan zela. Ezin diogu berari galdetu hilda dagoelako. Epaileen gisan egin dut nik, froga garbirik ez dudanez, indizioak elkarren artean pisatu eta koherentzia non egon daitekeen aztertzen saiatu naiz. Uste dut logikoena dela Antton Bengoetxearen ideia izatea. Tartean Zizurkil bertako baserritar batzuk zeuden eta Ameztoi pintorea bera, gizajoa, droga munduan sartuta zegoena. Errazagoa da hemen ingurukoren bati okurritu izana eta ez Donostiako ilustreren bati.

Zenbat denbora eman duzu liburua idazten?

Izan da nik idatzi ditudan liburuetan azkarren idatzi dudana. Bi hilabetetan idatzi dut. Garbi neukan egitura eta zer kontatu nahi nuen. Lehenengo kapitulua oso modu poetikoan dago idatzita, baina bigarren kapitulutik aurrera prosa askoz estandarrago batean, periodistikoago batean dago kontatua. Ikusi nuen estiloak arina behar zuela, irakurlea erraz harrapatzekoa.

Zeinentzat izan daiteke liburu aproposa?

Hasteko euskaldunentzat. Zeren noizbait pentsatu dut: 'Liburu hau beste hizkuntza batera itzuliko balitz ulertuko al litzateke? '. Gauza asko ez dira esplikatzen. Torturak ere ez dira zehazten, hemen denok dakigulako zer diren elektrodoak edo zer den bainera. Ez nuen sentitzen gehiegi esplikatu behar nuenik. Uste dut gure historia ezagutzen duen jendearentzat dela liburua. Imajinatzen dut interes handiena sentituko dutela garai hura ezagutu eta gertakarien inpaktua jaso zutenek, baino nahiko nuke jende gazteagoak ere irakurtzea.

Uste duzu liburuak ekarpena egiten diola errelatoa esaten zaion horri?

Gerra armekin bukatu zen, baina momentu honetan benetako gerra dago istorioekin. Espainiak oso garbi dauka zein den kontatu behar den historia. Esaten dute, 'egon ziren gaizto batzuk armak hartu zituztenak, egin behar ez zen gauza bat'. Nik uste dut historia askoz konplexuagoa dela. Estatu zapaltzaile baten menpean bizi izan gara eta horren erresistentzian sortu zen erantzun armatu bat, astakeria izugarriak egin zituena, baina estatu zapaltzaile baten kontra aritu zena. Uste dut dena neurtu behar dela. Astakeria guztiak kontatu behar dira kontatzen hasiz gero, eta ez modu hipokrita batean, gauza batzuk ezkutatu beste batzuk azpimarratzeko.

Zein beste literatur lan duzu orain esku artean?

Hau idatzi eta gero hasi nintzen antzeko beste zerbait idazten baina gero frenatu egin nuen neure burua. 'Bueno Xabier, ezin bihurtuko zara derrepentean, euskal borroka armatuaren idazle literarioa', esan nion nire buruari. Ez dakit zer etorriko den, baina denborarekin pentsatuko dut, ez dut azkarregi hartu nahi erabakia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!